Adosen Udara CaixaBank Txapelketaren finala ortziralean jokatuko dute Labriteko jaialdi solidarioan

Ttipi-Ttapa

Udara CaixaBank txapelketako aurkezpena. Uda osoan hainbat frontoietara ailegatu da, tartean Arantzara eta Leitzara eta ortziralean jokatuko dute finala Labriten, jaialdi solidario baten barnean.

Udara CaixaBank Txapelketaren III. edizioak ortzirale honetan izanen du bukaera. Urriaren 2an, 19:00etan, Iruñeko Labrit pilotalekuan, Barrokal–Agirre eta Iturriaga–Arrastia bikoteek jokatuko dute final handia.  Aurtengo finalak, gainera, izaera solidarioa izango du, Hodeilargi elkarteari eta bere familiari laguntzeko. Labriteko jaialdiak, beraz, kirol hitzorduaz gain, elkartasun osagai berezia ere izanen du. Finalarekin batera, bertze pilota partida berezi bat ere jokatuko dute: Mikel Goñi–Iván Azanza eta Oinatz Bengoetxea– Antton Apezetxea bikoteen arteko desafioa.

Barrokal–Agirre eta Iturriaga–Arrastia bikoteek jokatuko dute hirugarren edizioko finala eta elkartasun jaialdiaren barne

Ados Pilotak antolatutako eta CaixaBankek babestutako txapelketak sei bikote izan ditu lehian. Lehen fasea ligaxka bidez jokatu da, denek denen kontra, eta sailkapeneko lehen bi bikoteek lortu dute finalerako txartela.

Barrokal–Agirre bikoteak ibilbide bikaina egin du ligaxkan, jokatutako partida guztiak irabazita eta oso joko sendoa erakutsita. Maddi Barrokalen bizitasuna eta Naroa Agirreren sendotasuna giltzarri izan dira txapelketan osoan.

Aurrean izango dute Iturriaga–Arrastia bikotea, azken jardunaldian finalerako sailkapena ziurtatu zuena, behar zuen garaipena lortuta. Haiek ere txapelketa oso erregularra osatu dute, eta galdu duten partida bakarra, hain zuzen ere, ostiralean aurkari izango duten bikotearen aurkakoa izan da.

Finalak, beraz, udako txapelketaren bi bikoterik erregularrenak izango ditu aurrez aurre. Ligaxkan erakutsitako mailari jarraipena emanez gero, lehia ederra eta maila handikoa aurreikusten da ortziralerako.

Uda osoan zehar, herriz herri

Txapelketa uztailean hasi zen Uztarrozen, eta uda osoan hainbat herritako frontoietara ailegatu da: Ezkaroze, Gares, Lantaron, Mendigorria, Latasa, Leitza, Arantza, Oibar, Aiegi, Auritz, Agoitz eta Azkoitia, bertzeak bertze.

Ados Pilotak balorazio oso positiboa egin du aurtengo edizioaz, bai pilotariek erakutsitako mailagatik, bai herriz herri jasotako harreragatik. Txapelketak berriz ere erakutsi du emakumezkoen pilotak baduela lekua, jarraipena eta interesa udako kirol egutegian.

Madrilgo Beti Jai frontoiko jaialdia bertan behera

Bertze aldetik, Madrilgo Udalak, aurreikusitako eguraldiaren baldintzak direla eta, urriaren 3an, larunbatean 18:30ean, Beti Jai pilotalekuan jokatzekoa zen jaialdia bertan behera uztea erabaki du.

Oskoz–O. R. Larramendi eta Iturriaga–Mendiburu ziren aurrez aurre aritzekoak, VI. Plazaz Plaza txapelketako finalaren errebantxan.

Hitzorduak esanahi berezia eta historikoa zuen, emakumezkoen esku pilota profesionala lehen aldiz iristekoa baitzen Beti Jaiko kantxara. Ekitaldiak interes handia piztu du, eta data berria zehazten denean, horren berri emanen dute.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun