Basaburu Ttikia badela eta izanen dela aldarrikatuz, pestarako bilduko dira Beintza-Labaien, Eratsun, Ezkurra eta Saldiasko herritarrak larunbat honetan, gaztainzituaren 3an, Saldiasen. Aurten, lehenbiziko aldiz antolatu dute Basaburu Ttikiaren Eguna eta horren bueltan, egun osoko egitaraua prestatu dute.
Goizean artisauak plazan izanen dira. 09:30ean karrika erronda eginen dute txistulariek eta 10:00etan solasaldia antolatu dute. Juainas Paul Arzak Basaburu Ttikiaren historiaren inguruan ariko da Herriko Etxeko ganbaran. Ondotik, 11:30ean, txistularien emanaldia hasiko da elizan. Gazteak izanagatik, maila handia duten hiru txistulari gonbidatu dituzte: Leitzako Leire Retegi, Beintza-Labaiengo Ane Telletxea eta Elizondoko Izar Inbuluzketa.
Musikak kirolari emanen dio lekukoa eta 12:30ean herri kirol saioa hasiko da plazan: aizkora mistoan, aizkoran altueran, arpanean, harri goitzen eta giza proba mistoan ariko dira. 14:00etan mahaiaren bueltan bildu eta zikiro jatea eginen dute eta bazkalondoan J&J DJ-ekin musika izanen dute. Horrez gain, Saldiasko talogileen taloak jateko aukera izanen da egun osoan.