Elikadura sistemari buruzko jardunaldietan izena emateko azken egunak

Ttipi-Ttapa

Tokiko elikadura sistemari buruzko saioa larunbat honetan Donezteben eginen dute. Solasaldiak eta mahai ingurua izanen dira eta izena emateko epea ortzegun honetan akituko da.

Tokiko elikadura sistema indartzeko eta Baztan-Bidasoa mailan hausnarketa bat garatzeko intentzioarekin, jardunaldiak antolatu ditu Cederna Garalur elkarteak. Larunbat honetan, urriaren 3an, eginen dute, 09:00etatik 13:30era Doneztebeko Galbaraialde eraikinean. Bi zatitan banatu dute: alde batetik, solasaldiak eginen dituzte eta bertzetik, mahai ingurua.

Solasaldiak

Hiru solasaldi prestatu dituzte: Lehenbizikoan, Erronka globalen aurrean tokiko elikadura sarea ehuntzen hartuko du hizpide Miren Begiristain Zubillagak. Ekonomialaria, EHUko irakaslea eta agroekologian ikertzailea da eta Biolurreko koordinazio taldeko kidea.

Bigarren hitzaldian, Nola eragin udaletatik? Tokiko elikadura politikak hitzaldia emanen du Lorea Lizarreta Insausti Baztango Landa garapeneko eta tokiko ekonomiako zinegotziak.

Hirugarrenean, Oiartzun Burujabe egitasmoko elikadura mahaiari buruz ariko da Ibon Mitxelena Fernandez, Oiartzungo burujabetza eta ekonomia sozialeko zinegotzia.

Hitzaldiak akitutakoan, hamaiketakoa eginen dute bertako produktuekin.

Mahai ingurua

Bigarren zatian, mahai ingurua eginen dute, elikadura arloko ekimen zehatzak esplikatuz: Kalaska kooperatiboekin Sakanako hiltegia eta zatitze gelaz ariko dira; Alegiko Sindikatokoekin Itsasoko ekoizle eta kontsumitzaileen dendaz eta Bidaurretako nekazariak baratzezaintza kolektiboaz.

Saioa euskaraz izanen da eta itzulpen zerbitzua emanen dute. Izena emateko azken eguna ortzegun hau, urriaren 1a, izanen da (labur.eus/elikadurajardunaldiak). Informazio gehiagorako: bidasoa-elikadura@cederna.es.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun