Alde batetik, EmakumeOn eta Emakume Politikoen programaren harira, emakumeei zuzendutako lansaioak antolatu ditu Nafarroako Berdintasunerako Institutuak. Bi saio izanen direla oroitarazi dute Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateek eta Baztango Udalak: urriaren 5ean Zaintzak ikuspegi feministatik hitzaldia Larraintzarren; eta azaroaren 9an, Bizitza sostengatzen duten praktika feminista inspiratzaileak izenburupean bertzea, online.
Baina bertzetik, eskualdean ere hitzordu gehiago izanen dira: hitzaldiak, antzerkia eta dokumentala, bertzeak bertze.
Hitzaldi informatiboak
Hiru hitzaldi informatiboko ziklo bat antolatu dute elkarlanean, Etxeko langileen lan eskubideak izenburupean. Saioetan lanaldia, atsedenaldia, oporrak, nominak, kotizazioa, langabezia prestazioa, erretiroa... landuko dituzte, baita bertzelako tresnak eta baliabideak ere. Saio horietako bat ortzegun honetan, urriaren 1ean, Elizondoko Arizkunenean izanen da, 17:00etan. Bigarrena Berako Beralandetan eginen dute, urriaren 7an, 17:00etan. Bi saio horiek herritar guziei irekiak izanen dira. Malerreka-Bertizaranako saioa, azkenik, urriaren 29an eginen dute, 12:00etan, Donezteben, mankomunitatearen egoitzan. Saio hori profesionalentzat, laneratzeko enpresentzat eta gaian interesa duten tokiko elkarteetako pertsonentzat izanen da.
Clown ikuskizuna
Programaren barrenean, helduentzat antzerkia ere antolatu dute. Larunbat honetan, urriaren 3an, Arantzan izanen da, 19:00etan. Anduriña Zurutuzak eta Beatriz Egizabalek Jo! ikuskizuna eskainiko dute Arantzako eskolako gimnasioan. Ikuspegi feministatik, eta umorea erabiliz, amatasunaren, familia osatzearen eta gizarte itxaropenen inguruan emakumeek bizi dituzten tentsioak, presioak eta kezkak agerian jartzen dituen lana da.
Dokumentala
Urriaren 15ean, Asisko Urmenetaren Sorgina banaiz dokumentala pantailaratuko dute Elizondon. Nafarroako sorgin ehizatik abiatuta, emakumeen jazarpenari buruzko gogoeta historiko eta kolektiboa egiteko proposamena da. 19:00etan hasiko da.
Bertze hitzaldi bat
Eta zikloa borobiltzeko, urriaren 16an, Etxeko lanaren eta zaintzen balio sozial eta ekonomikoaren ikusgarritasuna izeneko hitzaldia emanen dute Donezteben. Herritar guzientzat izanen da eta helburua «lan horiek bizitzaren iraunkortasunerako funtsezko ekarpena direla aitortzea eta haien duintasunaren eta jendarte aitorpenaren alde egiten segitzea da».
Baztango Udalak eta Bortzirietako eta Malerrekako mankomunitateek «herritar guziei» parte hartzeko deia egin diete, eta «bereziki, inguru honetako emakumeei jardueretan parte hartzeko» eskatu diete: «Landa eremuko emakumeek egiten duten ekarpena, zaintzen balioa eta erabakiak hartzeko guneetan emakumeen presentzia handiagoa lortzeko beharra paratu nahi ditugu erdigunean».