Nafarroako Erremonte Txapelketako bigarren bikote finalista Zangozan erabakiko da igandean

Ttipi-Ttapa

Mitxeo, Sagaseta, Arrizabalaga eta Uterga Vianan jokatutako finalerdietako joaneko partidan. Gorriek abantaila polita lortu zuten eta ongi bideratua dute finalerako txartela.

Joanekoan 35-23 irabazi zuten Uterga eta Agirrezabala, oraingoan Sagaseta eta Mitxeoren kontra ariko dira

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Profesionaleko XXI. Txapelketako bigarren bikote finalista ezagutuko da igandean Zangozan, bigarren finalerdiko itzulerako partidaren ondotik. Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira. Utergak eta Agirrezabalak nahiko bideratua dute kanporaketa, joanekoan 35-23 irabazi baitzuten eta Sagasetak eta Mitxeok, kasik miraria behar dute egoera iraultzeko. Baina beti erraten dena: pilota borobila da eta inoiz ezin jakin nora aterako den. Irabazleek, Otxandorena eta Otano izanen dituzte esperoan finalean.

Zangozako Cantolagua pilotalekuan igandean 17:00etan hasiko den jaialdiko lehen partidan, Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Otano, Zorion Zelaieta oiztarraren eta Ionen kontra ariko dira.

Jaialdiko sarreran biltzen denak osorik ANECS elkartera (Zangoza aldeko haur gaixoen elkartea) bideratuko da. 22 urtez goitiko ikusleek hmar euro ordaindu beharko dute, 16-22 urtekoek hamar euro eta gazteagoak doan sartuko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun