Irailarekin batera, hilabeteroko elkarretaratzeekin hasi dira Baztan-Bidasoko pentsiodunak

Ttipi-Ttapa

Astelehen eguerdian Donezteben egindako elkarretaratzea. 

Uztailean eta abuztuan deskantsu hartu dute, baina iraila ailegatu orduko, euren aldarrikapenekin karrikara atera dira berriz Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideak. Astelehenean Donezteben 26 lagun bildu ziren. 

'Guttieneko pentsioa=Guttieneko soldata' 

Udako oporrak bukatu, eta ikasturteko lehenbiziko hitzordua izaki, joan den denboraldian pentsiodunen mugimenduak landutako gaiak hartu zituzten hizpide. Alde batetik, Guttieneko pentsioa=Guttieneko soldata lerroa azpimarratu zuten. Oroitarazi zutenez, «EH Bildurekin egindako elkarlanaren bidez, aurrekontuetan nolabaiteko onespena lortu genuen, nahiz eta oraindik lanean segitu behar den». EAEn, berriz, egoera «gordinago» dagoela aipatu zuten: «145.000tik goiti sinadura aurkeztu eta ez zuten erantzunik izan, manifestazioak Gasteizen, alderdi politikoei deiak, lehendakariarekin bilera, eta bertze agerraldiak egin ziren, baina ez zuten inolako ondoriorik izan». 

Guttieneko lansaria 1.500 eurokoa izan zedin, sindikatuek egindako eskaria ere hartu zuten hizpide: «Eskaera hori egiteko 140.000tik goiti sinadura aurkeztu ziren, greba orokorra ere egin zen, baina ez Nafarroako Gobernuak, ez Eusko Jaurlaritzak ez diote inolako erantzunik eman». 

Zaintza

Gainerakoan, irailaren 24an Madrilen pentsiodunen mugimenduen topaketa eginen dela kontatu zuten, eta zaintzaren gaiaz ere mintzatu ziren: «Hainbertze urtez borroka egin ondotik, azkenean lortu zen Nafarroako zahar etxeetako lan hitzarmena. Baztan-Bidasoko zahar etxeetan hitzarmen propioa bazuten ere, herrialdekoak bertze babesa ematen dio, eta zenbait arlotan hobetu ere bai. Zorionak horren alde borrokan aritu zareten langile guziei».

Osasuna

Osasun sistemari buruz ere aritu ziren, eta «ezin dela despistatu eta edozein momentutan murrizketak etor daitezkeela» ohartarazi zuten. Hala, Elizondoko Osasun Zentroan pediatrarik gabe geldituko zirela adiera izana salatu zuten, eta horren bueltan Baztanen egindako elkarretaratzeak txalotu zituzten. «Osasunbideak iragarri du urriaren 28an pediatra batek kargua hartuko duela». Horren harira, Baztango Osasun Plataformaren erranak ekarri zituzten gogora: «Ez da onargarria osasun zerbitzuan egiten den modua; lehenik arazoa sortu eta gero konpontzen saiatu, konponbideak arazoaren aitzinetik jarri beharrean». 

Lanean segitzeko deia

«Konponbideak ez direla bere gisa etorriko» azpimarratu zuten, eta pentsiodunen irudiko, «justiziazko aldarrikapen batzuk mobilizazioekin egiten dira, baina ez dute beti erantzun baikorrik ematen. Antolakuntza ez bada sendoa, aldarrikapenek ahanzturan gelditzeko arriskua dute». Garbi mintzatu ziren: «Pentsiodunen mugimendukoak ez gara oihu batzuk egin eta konforme geldituko, jendeak behar dituen eskakizunak lortu arte, lanean segitzeko gaude». 

Palestinako egoera oroituz akitu zuten asteleheneko agerraldia: «Palestinaren egoeraz orain medioetan deus gutti ateratzen da, baina genozidioak eta sionisten erasoek hor segitzen dute. Palestinaren askatasunak ahanztura du etsairik handiena. Badira interes handiak Israelek bere helburuak defenditzen segitzeko, baina konplize guziak salatu behar ditugu, hurbilean ere badaudelakoz». 

Urriko elkarretaratzea urriaren 19an Lesakan eginen dute Baztan-Bidasoko Pentsiodunen Mugimenduko kideek, 12:00etan.  

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun