Bestak 2026

Basaburu Ttikiaren Egunerako txartelak salgai

Ttipi-Ttapa

Pestaren erdigunea Saldias izanen da. Irudia Saldiasko pestetan hartutakoa da. 

Orain bada eta gero ere izanen da Basaburu Ttikia! Lelo horretatik abiatuta, aurten lehenbiziko aldiz, Basaburu Ttikiaren Eguna antolatu dute urriaren edo gaztainzituaren 3an Saldiasen. Egun horretan eginen duten zikiro jaterako txartelak erosteko azken eguna irailaren 24a izanen da. 

Beintza-Labaien, Eratsun, Ezkurra eta Saldiasek osatzen dute Basaburu Ttikia eta lau herriak bildu dira pestaren antolaketan. 

Egun osoko egitaraua prestatzen ari dira: artisau azoka, karrika erronda, hitzaldia, herri kirol saioa, zikiro jatea, musika... Eta zikiro jaterako txartelak salgai daude. Menuan salda, piperrada, zikiroa, euskal pastela, kafea eta ttanta sartuko dira eta txartelak hilaren 24a baino lehen erosi beharko dira: 676 75 64 30 (Beintza-Labaien), 618 93 02 39 (Eratsun), 620 81 72 45 (Ezkurra) eta 948 61 51 19 (Saldiasko Herriko Ostatua). 30 euro balio dute eta 14 urte arteko haurrenak 15 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun