Halere, hasieran 1-8 irabazten jarri ziren Matxin III.a eta Barricart, baina Otxandorena eta Otano, gaur egungo txapeldunak, ez ziren ikaratu eta agudo buelta eman zioten markagailuari (15-12). Hortik aitzinera partida berdindua joan zen (17-17, 24-24, 26-26, 30-30 eta 31-31), baina azken txanpan hobea izan zen bikote urdina.
Andosillako jaialdiko lehen partidan, Mikel Mikelarena oiztarrak eta Markel Leatxe donamariarrak 30-39 irabazi zieten Koteto Ezkurra III.a doneztebarrari eta Ioni.
Bertze finalerdiko itzulerakoa irailaren 27an Zangozan
Bigarren finalerdiaren itzulerakoa irailaren 27an jokatuko dute Zangozan Xanti Uterga doneztebarrak eta Agirrezabalak, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeoren kontra. Kasu honetan, finalerako txartela bideratuagoa dute Utergak eta Agirrezabalak, joanekoan Vianan 21 tantotan utzi baitzituzten Sagaseta eta Mitxeo.