Bertiz, Sagardui eta Zabaleta Hiru Hiriburuak pilota txapelketan hasiko dira igandean Gasteizen

Ttipi-Ttapa

Hiru Hiriburuak txapelketaren aurkezpena egin zuten asteazkenean Gasteizen eta Arabako hiriburuan jokatuko dute final laurdenetako jardunaldia igandean.

Emakume Master Cup zirkuituaren barrenean Hiru Hiriburuak txapelketa abiatuko da irailaren 20an, igandean Gasteizen. Hain zuzen, Gasteizen egin zuten aurkezpena asteazkenean, hilaren 16an, eta Mendizorrotzako Beti Jai pilotalekuetako igandeko final laurdenetako jardunaldiaren ondotik, urriaren 4an finalerdiak jokatuko dituzte Donostiako Atano III.a historikoan eta finalak urriaren 11n Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Nahia Bertiz sunbildarra (Salsamendirekin), Alize Sagardui goizuetarra (Bergararekin) eta Goiuri Zabaleta leitzarra (Mendizabalekin) izanen dira eskualdeko pilotariak.

Amaia Aldai atzelari ariko dela eta, lesioa larri eta luzearen ondotik, Leire Garairen itzulera dira aurtengo berrikuntzak

Elite mailari dagokionean, Hiru Hiriburuak txapelketa bi berritasun nagusirekin dator. Hasteko, Amaia Aldaik atzelari jokatuko du, Irati Benitorekin bikote eginez. Oraindik pozgarriagoa da bigarren berrikuntza, Hiru Hiriburuak txapelketa honek Leire Garai berriz ere kantxetan ikusteko aukera emanen baitu. Belauneko lesio larri baten erruz, aurrelari gasteiztarrak bi urte eman ditu zuriz jantzi ezinik eta berragerpeneko lehiaketa izanen da honakoa, non eta horrenbeste ordu eman dituen Mendizorrotzako pilotalekuetan. Itzulera honetan, berme osoko bizkartzain bat izango du arabarrak, Itsaso Erasun. 

Denera elite mailan, zortzi bikote lehiatuko dira; Benito-Aldai, Salsamendi-Bertiz, Ibarrola-Oses, Garai-Erasun, Zabaleta-Mendizabal, Etxegarai-Capellan, Arrizabalaga-Zabala eta Sagardui-Bergara, printzipioz, irekia aurreikusten den lehiaketan.

 

Final laurdenak igande honetan

Irailaren 20an, igandean 16:00etan hasiko dira final laurdenak Gasteizen. Adar batean, Ibarrola eta Oses, Garairen eta Erasunen kontra eta Salsamendi eta Nahia Bertiz sunbildarra, Benitoren eta Aldairen kontra ariko dira. Irabazleek elkarren kontra jokatuko dituzte finalerdiak urriaren 4an. Bertze adarreko final laurdenetan, berriz, Arrizabalaga eta Zabala, Alize Sagardui goizuetarraren eta Bergararen kontra ariko dira eta Goiuri Zabaleta leitzarra eta Mendizabal, Etxegarairen eta Capellanen kontra. Irabazleek elkarren kontra jokatuko dute urriaren 4ko finalerdietan Donostiako Atano III.ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun