Berdintasuna lantzeko Baztan-Bidasoaldeko gizonen taldearen lehenbiziko hitzordua ortzirale honetan eginen dute Donezteben

Ttipi-Ttapa

Argazkia: Freepik. 

Lehenbiziko edizioak izandako «harrera ona» errepikatzeko gogoz, aurten ere berdintasuna lantzeko gizonen taldea berriz paratu nahi dute martxan Baztango, Bortzirietako, Malerrekako eta Bertizaranako berdintasun zerbitzuek.

Oroitarazi dutenez, «harreman berdinzaleagoak eta indarkeria matxistarik gabekoak eraikitzeko modu aktibo eta kolektiboan inplikatu nahi duten gizonei zuzendutako espazioa» da, eta Eraikiz kolektiboko profesionalek dinamizatuko dute.

Parte hartzaileak hilabetean behin bilduko dira, eta berdintasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, «maskulinitatea, zaintza, erantzunkidetasuna, indarkeria matxistak, bortxaketaren kultura, harremanak, emozioak eta gizonek gizarte berdinzaleago baten eraikuntzan duten zeregina bezalako gaiak» landuko dituzte.

Aurkezpena ortziralean

Hain zuzen, taldearen aurkezpen eta antolaketa bilera, ortzirale honetan, irailaren 18an, eginen dute, 17:00etan Doneztebeko Galbaraialde eraikinean. Euskaraz izanen dela aitzindu dute.

Parte hartzeko deia

Zehaztu dutenez, egitasmoa Xareta, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako gizonentzat da, lehenagotik gisa honetako espazioetan parte hartu duten ala ez kontuan hartu gabe. «Baldintza bakarra modu aktibo, errespetuzko eta konprometituan parte hartzeko interesa izatea da», adierazi dute.

Informazio gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak telefono hauen bitartez egin behar du: Bortzirietan 722 69 30 78, Malerrekan eta Bertizaranan 621 12 06 20 eta Baztanen 613 00 36 34.

Berdintasun zerbitzuek parte hartzeko deia egin diete Baztan-Bidasoaldeko gizonezkoei, «edo gutttienez, haren inguruko informazioa eskatzera» animatu nahi izan dituzte. «Izan ere, gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko ezinbertzekoa da gizonen inplikazio aktiboa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun