Espainiako Gobernuak hidrogeno naturalaren meatze esplorazioak egiteko Mantle8 enpresari eman dizkion baimenek Euskal Herrian inoiz planteatu den proiektu estraktibista handiena izan daitekeenaren aurrean jartzen gaituzte. Gainera, uztailaren 1ean enpresak mantle8.com/es/ bere webguneko 'Berriak' sailean, «Mantlek Espainiako baimenak lortu ditu, Pirinioak hidrogeno naturalaren puntu neuralgiko gisa indartuz» izenburupean ateratako informazioan, enpresako teknikari bat Lokiz mendilerroaren azpian dagoen Metautengo udalerrian (Allin ibarra, Lizarraldea) soro batean analisi proba bat egiten ari dela erakusten duen argazki bat argitaratu zuen, hain zuzen ere, lanak hasteko datozen asteetarako udalerri kaltetuekin iragarri duen bilera errondari ez diola itxoin –Nafarroan behin behin– frogatzen duena.
Gai honek duen larritasunaz ohartzeko, esan behar da esplorazio eremuak Aralarko mendialdea baino askoz ere zabalagoak direla eta Abaltzisketatik Erdizera (Baztan, Erregerena mendia) eta Bakaikutik Esteribar haranera (Larrasoaina) hedatzen dela Aralar I baimena; eta aldi berean, Aralar II esplorazio baimena Araia ingurutik Gulinaraino eta Lana bailaratik Legarda ingurura (Garestik gertu) hedatzen da, bi baimenen artean 1.680 km²-ko azalera hartzen dutelarik. Ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean BOEn argitaratutako iragarkien arabera, meatze esplorazioak egiteko Mantle8ri emandako baimen horiek Aralar, Andia eta Urbasa, Lokiz eta Ameskoako mendialdeaz gain, Asparrena, Harana eta Entziako Partzuergoari eragiten diete Araban; Abaltzisketa, Amezketa, Ataun, Tolosa eta Enirio-Aralar Mankomunitateari Gipuzkoan; eta Abartzuza, Allin, Altsasu, Ameskoabarren, Anue, Araitz, Arakil, Aranaratxe, Arbizu, Arruazu, Atetz, Bakaiku, Basaburua, Baztan, Belaskoain, Betelu, Bidaurreta, Deierri, Ergoiena, Erro, Esteribar, Etxarri Aranatz, Eulate, Ezkabarte, Gares, Gesalatz, Girgillano, Goñi, Imotz, Irañeta, Irurtzun, Iturmendi, Itza, Juslapeña/Txulapain, Lakuntza, Lana, Lantz, Larraun, Larraona, Lekunberri, Lezaun, Metauten, Odieta, Olaibar, Olazti, Ollaran/Valle de Ollo, Cendea de Oltza, Salinas de Oro/Jaitz, Uharte Arakil, Ultzama, Urdiain, Zabaltza, Ziordia, Zirauki, Ziritza eta Zuñigako udalerriei Nafarroan.
Era berean, inongo udal barrutitan sartzen ez diren eta abereentzako bazkaleku nahiz larre aprobetxamendurako beste hainbat kontzeju edo udalerritako komunitateek erabiltzen dituzten Fazeriako 22, 24, 26, 27 28, 35, 40, 41, 42, 43, 44, 46, 49, 52, 53, 55, 56, 63 eta 104 lurraldeei eragiten diete, hala nola, Alloz, Arakilgo Hiriberri, Aristregi, Azantza, Beasoain, Beuntza, Contrasta, Egillor, Eraul, Etxabarri, Etxauri, Eulate, Gastiain, Goñi, Ibiriku, Iturgoien, Juarbe, Lerate, Madoz, Muskiz, Otsakar, Riezu, Saldise, Sarasa, Ullibarri-Arana eta Yerri-ko komunitateak. Azpimarratzekoa da kalteturiko lurraldean, nekazaritza, baso eta natura intereseko eremu garrantzitsuak gordetzen dituzten hainbat landa eremu, mendi eta haran daudela, hala, Urbasa-Andia Parke Naturala, nahiz Entzia, Lokiz eta Arabako hegoaldeko mendilerroen Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE), Ega-Urederra eta Arakil ibaiak (KBE), Aizkorri-Aratz Parke Naturala (Albeniz-Olano-Irumuga mendietan), Aralarko Parke Naturala eta KBE, Ultzama eta Basaburuko hariztiak, Belate KBE eta Alduide mendiko KBE.
Mantle8k dioenez, bere esplorazio lanek ez dute kalte nabaririk eragiten, baina ustiagarriak diren aztarnategiak detektatuz gero, bere jarduera hidrogenoaren eskala handiko erauzketa industrialera bideratuta dago. Bere webgunean adierazten duenez, esplorazioen helburua «erreserba nahikoa zabalak aurkitzea eta eskala industrialean ustiatzea da». Horretarako, analisi geologikoak, geofisikoak eta Adimen Artifizialaren bidez sorturiko irudi sistemak konbinatuz, hidrogenoaren esplorazioa bizkortzen duen teknologia patentatu du, «zulaketa kokapen optimoak mapeatzea» ahalbidetzen duena. «Orain azkar ari gara lanean baimenak lortzeko, teknologia ezartzeko, lehen proiektuak zulatzeko eta merkaturatzeko», dio enpresaren sortzaile eta zuzendari nagusiak. Mantle8-ren programak 2030. urtearen amaierarako 10M tona ateratzen hastea aurreikusten du hidrogeno naturala komertzialki ustiatu daitekeen aztarnategietan. Proiektua aurreratuen duen eremua Lannemezango goi-ordokian (Tarbesen ekialdean) eta Okzitaniako Pirinioetako Comminges eskualdeko (Haute Bigorre, Neste Barousse eta Aure Louron) eremu zabal batean dago, non ehunka sentsore instalatzeari esker, 700 km²-ko azaleran milioika datu bildu ahal izan dituen eta enpresak 2028an lehen putzuak zulatzea aurreikusten duen. Bere jarduerak Euskal Herrira zabaltzeaz gain, –non Pirinioetako hego-mendebaldeko isurialdeak antzekotasun geologikoak izango lituzkeen eta «Aralar Espainiako Pirinioetan hidrogeno naturala esploratzeko Mantle8-ren proiektua den»–, egitasmoak Europako, Afrika Iparraldeko eta Ekialde Hurbileko beste eremu «prometagarri» batzuetara ere hedatzeko asmoa du.
Mantle8k ez du hitzik ere esaten halako plan bat burutzeak berekin dakartzan eragin ekologiko eta sozialei, lurraldearen okupazioari, kostu ekonomikoei eta abarri dagokienez. Meatze zulaketen eta erauzketen sakonera 1.000-3.000 metrokoa izan daiteke, ordea, 4.000 metro inguruko kotak baztertu gabe. Adibidez, Monzonen (Huesca), hidrogenoa 3.600 metrora detektatu du BP britainiarrak eta Axionek osatutako beste konpainia batek. Hidrogenoaren erauzketa eta ustiapen industrialak lurraldeari beste eraso bat ekarriko dio. Historia bera da ustez berriztagarriak eta garbiak diren «energia berdearen» makroproiektu industrial guztietan, eta aurrerantzean hidrogeno naturala ustiatzeko nahiz Nafarroako 42 udalerritan kobrea ere erauzi asmoz (Lizarraldean, batez ere) aurten emandako meatze ikerketa baimenak gehitu behar zaizkie. Aldi berean, proiektu horien ezarpena erraztea eta azkartzea helburu duten salbuespenezko araudi eta lege berriak plazaratu dituzte, Jaurlaritzak bultzatutako «Autobide Arautzailea» deiturikoa kasu: lege horren bidez, halako egitasmo enpresarialak «Goi mailako Interes Publikoko Proiektu» gisa izendatzearekin, udal-plangintzak ez ezik indarrean dauden lurralde antolamenduko eta naturguneak babesteko planak bertan behera uztea eta nahitaez aldatzea ahalbidetu nahi dute, proiektu horientzat oztopo gertatuko balira.
Argi dago horrelako megaproiektuak kapitalismo industrialaren sistema jasanezina suspertzeko eta iraunarazteko pentsatuta daudela. Mantle8-k «industria hazkunderako bide argia ezartzea» du helburu eta bere nahikeria bat dator Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak mundu osoko lurpean metatutako hidrogeno biltegien kopurua 5,6 bilioi tonatan zenbatuz 2024an argitaratutako estimazioekin –hots, bolumen horren % 1etik % 2ra soilik ustiagarria balitz ere, egungo energia eskaera bi mendez asetzeko nahikoa izango litzatekeela ondorioztatzen dute. Ez alferrik, enpresaren bazkide inbertitzaileen artean, Bill Gatesek sortutako Beakthrough Energy Ventures funtsa dago, eta Frantziako Gobernuaren finantza babesa ere badu, Mantle8ren esanetan «Frantzia formazio geologiko faboragarrietan aberatsa izan eta hidrogeno naturalaren munduko merkatuan aktore handia bihur litekeenez»... Dena den, hainbat mendetan energia kontsumo zoro bat asetzeko adina hidrogeno ustiagarri detektatuko balitz ere, hori al da nahi dugun gizarte mota? Planetak kontsumo horri eutsiko al lioke? Ezin da dena eredu ekonomiko eta sozial harrapari baten menpe egon.
Mantle8k berriki «Asmoen Adierazpena – Aralarko Baimenak» izeneko agiri bat argitaratu du. Bertan, proiektuaren helburu erauzle argiak itxuraz neutroa eta onbera dirudien jarduera zientifiko baten estalkipean ezkutatzen saiatzen da bere sortzaile eta zuzendari nagusia, enpresa hizkuntza edulkoratuan aurkeztuz: «Esplorazio zientifikoko enpresa bat gara», «proiektua lurraldearekiko elkarrizketaren bidez garatu nahi dugu», eta Espainiako Gobernuak baimendu duena «ikerketa zientifikorako programa bat» dela errepikatzen du, baita enpresak «Aralar mendigunearen sentsibilitate ekologikoa eta izaera karstiko berezia aitortzen» dituela gaineratu ere… Ezin ahaztukoa dugu, ordea, geologia meatzaritza eta energia industriaren zerbitzura jarri zenez geroztik, lurraren zientzia lurraren arpilatzearen zientzia bihurtu zela –José Ardillok Las ilusiones renovables liburuan ohartarazten duenez–. Hortxe dago koska. Alde horretatik, Antonio Aretxabalak hidrogenoaren esplorazioaren aferari buruz egin duen ekarpen krikikoaren puntu batean ageri den anbiguotasuna, nire ustez, ulertezina eta alde batera utzi beharrekoa da, hain zuzen, guztiaren ondotik hala ere honako hau dioenean: «Ikerketaren alde gaude? Jakina»... Ea! Mantle8ren ikerketak meatze zulaketen bidez hidrogenoa eskala handian erauztera bideratuta daude. Megaproiektu honek ez du zerikusirik ez desazkundearekin, ez energiaren gaineko kontrol soziala ahalbidetuko lukeen baliabideen aprobetxamendu batekin, eta ez denok gogoan izango dugun «Gizonen lana jakintza dugu, ezagutuz aldatzea, naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea» dioen kanta ederrak adierazten duen aldarriarekin ere, ezta urrundik ere. Ez gaitezen engaina!
Planto egin behar da: salatu, informatu, udalei eta lur- jabeei esplorazio lan horiek egiteko baimenik eman ez dezatela proposatu eta eskatu, –prentsa albisteen arabera, enpresak udalen baimena behar baitu udal lurretan esplorazio jarduketa horiek egiteko, eta lurren jabegoa pribatua denean jabeei dagokie baimena ematea–, baita bizilagun, mendizale eta txangozale guztiei tramankulu susmagarriren bat topatuz gero, eskualdea garbitzera animatu ere, sentsore sismikoak instalatzea eta lurzoruko gasen kontzentrazioak neurtzeko lurrean zuzeneko neurketak egitea edota beste sentsore batzuen bidez zenbait astetan datuak erregistratzea aurreikusten omen du enpresak, esplorazio eremuetan harriak, ura eta lurzoruko gasen laginak biltzeaz gain, laborategian aztertzeko... Beharrezkoa da, hortaz, informazio lana eta oposizioa antolatzea. Ez gaitzatela oharkabean harrapatu: Mantle8 kanpora!