Iruhbi Pilota egitasmoaren baitan, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak eta Laxoa Elkarteak antolatuta, lehenbiziko aldiz egin dute aurten Mendialdeko Bote Luze Txapelketa, eta arrakasta polita izan du, Senpere, Sara, Bera, Etxalar, Ainhoa, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdi aritu baitira lehian, emakumezkoen eta gizonezkoen txapelketetan. Urdazubi, Erratzu, Etxalar, Senpere, Zugarramurdi, Bera eta Ainhoako plazetan egin dituzte jardunaldiak, eta txapelketa borobiltzeko finalak Sarako erreboteko plaza zaharrean jokatu dituzte igande goizean, Sarako besten barrenean. Emakumezkoen finalean, Etxalarrek 9-5 irabazi dio Berari eta gizonezkoen finalean, Senperek 9-2 irabazi dio Baztani.
«Bote Luzea sustatzeko, plazetara eramateko eta belaunaldi berriei transmititzen laguntzeko» helburuarekin antolatu dute txapelketa. Gisa berean, «historikoki izan duen lurraldetasuna indartu» nahi izan dute, «Nafarroa eta Lapurdiko herrien arteko harremanak sustatuz eta euskara lurralde horiek elkartzen dituen hizkuntza eta topagune gisa erabiliz. Txapelketa, euskaratik eta euskaraz garatu da».
Horrekin batera, adierazi dutenez, «Sarako finala txapelketari akabaila emateko ez ezik, parte hartu duten herriak eta joko zuzenen inguruko eragileak elkartzeko topagunea ere izan da, etorkizuneko ekimen berriei begira».