Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, Euskadiko Filmategia–Fundación Filmoteca Vascaren lankidetzarekin, urteko euskal film labur onenen nazioarteko hedapena sustatzeko Kimuak ekimenaren programazioaren barruan ikusi ahal izanen da film laburra. Hautaketak epaimahai independente batek aukeratutako hainbat lan biltzen ditu urtero, eta nazioarteko zirkuituan euskal zinemak duen erakusleiho nagusietako bat da.
Joare tte
Ekaitz Bertizek zuzendu du Joare tte eta Oscar Carrascalekin batera idatzi du. Argazki zuzendaritza Beñat Goiarena da, Nahia Beroizen Arte zuzendaritza, eta Jatorrizko Soinu Bandak Inar Lezaunen sinadura darama, Olaia Inziarteren ahotsarekin. Mireia Llagunok eta Bertizek berak muntatu dute, Soinuaren diseinua eta zuzeneko soinua Iñigo Etxarri Sistiagak egin ditu, Makillajea eta Ile-apainketa Amaia Apezetxeak, eta Jantzien diseinua Celia Nacimientok egin du.
2026ko neguan Ituren, Zubieta, Aurtitz, Sunbilla eta Arantzan filmatu zen. Film laburra Ituren eta Zubietako inauterien benetako ospakizunarekin batera filmatu zen, eta Nafarroako erritu berezienetako baten paisaia, biztanleak eta tradizioa gehitu zitzaizkion filmari.

Ekaitz Bertiz:
«Egiten dugunarekin jarraitzeko motibazioa ematen digu bigarren urtez segidan film laburra Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izatea»
Ekaitz Bertiz zuzendariak aipatu duenez, «bigarren urtez segidan Kimuaken hautatu izana eta film laburra Zinemaldian ikusi ahal izatea poz handia da. Egiten dugunarekin jarraitzeko motibazioa ematen digu; ikasten eta bertze zinemagile batzuk ezagutzen joateko lorpen txikiak. Hagitz leku berezia da, ia etxean bezala sentitzen garena, euskarari eta bertako ekoizpenei eskaintzen zaien maitasuna eta babesa sentitzen baitira».
Bertizen erranetan, «Espero dugu hainbeste maitasun, errespetu eta estimuz egin dugun pieza hau gustatzea eta hunkitzea, bai joaldunaren pertsonaiarekiko, bai hiru herriekiko eta bertako biztanleekiko. Inma Castroren jarrera eta emaitza nabarmendu nahiko nituzke; izan ere, ez du inoiz interpretazio lanik egin, gainerako aktoreek bezala, eta benetako plazera izan da berarekin lan egitea. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiet lantalde tekniko eta artistiko osoari, bailarako pertsona guztiei, lokalizazioak, atrezzoa eta jantziak aurkitzen lagundu digutelako, baita Olaia Inziarteri ere, bere ahotsa jarri baitu joaldunen deiari erantzuteko».