Malerrekako Mankomunitatearen barrenean dauden udalerriek badute dagoeneko berdintasun plana. Mankomunitateko berdintasun batzordeak ekain hondarrean onartu zuen, eta uztail hasieran mankomunitateko batzar orokorrak behin betiko onarpena eman zion. Hala osatu dute «2026-2032 aldirako berdintasunaren aldeko lan ildo nagusiak biltzen dituen tresna».
Prozesu parte hartzailea
Berdintasun batzordeak nabarmendu duenez, «plana ez da bulego batean idatzitako dokumentu bat izan. Kontrara, herritarren eta eskualdeko eragileen ekarpenekin eraikia da, hasieratik helburua argia izan baita errealitateari erantzunen dion plana egitea».
Helburu horrekin, azken hilabeteotan hainbat jarduera egin dituzte, eta hala, «2024an egindako diagnostiko parte hartzailean bildutako ekarpenei, Baztango eta Bortzirietako egoera ezagutzeko egindako inspirazio saioan parte hartu zuten 21 lagunen iritziak, galdetegia bete zuten 97 herritarren ekarpenak eta kontraste saioetan parte hartu zuten udal eta mankomunitateko ordezkarien eta langileen, mugimendu feministako kideen eta herritarren proposamenak» gehitu dizkiete.
Lau erronka
Berdintasun zerbitzuak jakinarazi duenez, bildutako iritziek «hainbat kezka eta erronka utzi dituzte agerian». Bertzeak bertze, «berdintasuna haur eta gazteekin lantzea, indarkeria matxistaren prebentzioa indartzea, gizonek berdintasunaren alde parte aktiboagoa hartzea eta emakumeek herriko bizitzan duten presentzia eta aitortza handitzea» aipatu dituzte, baita «genero rol eta estereotipoek eragin handia dutela kulturan, kirolean, aisialdian eta bestetan» ere. Bertze ondorio bat ere atera dute: «berdintasuna ez da berdintasun zerbitzuaren ardura bakarrik. Udaletako eta mankomunitateko arlo guztiek eta herriko eragileek badute zer egin, eta elkarlana izanen da planaren arrakastaren giltzarrietako bat».
Ondorio horiek kontuan hartuta, lau erronka bildu dituzte planean: «administrazioaren jardunean berdintasuna txertatzen segitzea, indarkeria matxistaren aurkako lana sendotzea, emakumeen parte hartzea eta sareak indartzea, eta herritar guztiekin batera berdintasuna sustatzea».
Plana webgunean ikusgai
Berdintasun zerbitzuak eskerrak eman nahi izan dizkie prozesu honetan parte hartu duten guziei, eta «hurrengo erronka adostutako neurriak pixkanaka martxan paratzea» izanen dela erran du. Gainerakoan, nahi duenak Malerrekako Mankomunitatearen webgunean eskura du plana.