«Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko haurrek pediatra behar dutela» aldarrikatu dute Elizondon eta Arraiozen

Ttipi-Ttapa

350 pertsona baino gehiago bildu ziren Elizondoko plazan.

Baztango Osasun Plataformak elkarretaratzeak egin zituen ortzirale arratsaldean Elizondon eta Arraiozen, irailaren 21etik aitzinera Elizondoko Osasun Etxean pediatrarik gabe geldituko direla jakin ondotik. Hurrengo hitzordua irailaren 16an izanen da Arizkunenean; batzar irekia eginen dute 19:00etan.

Duela bi urte hasi zituen Baztango Osasun Plataformak hilabeteroko elkarretaratzeak, «osasun arreta publiko eta duina eskatuz eskualdeko jende guziarendako». Modu berean, «denbora luzez pediatria zerbitzua modu prekarioan izan dugu eskualdean, eta eman diguten iragarpenaren arabera, irailaren 21etik aitzinera pediatrarik gabe geldituko gara Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin».

Plataformak adierazi duenez, «ezin dugu onartu ehunka haur behar den osasun arretarik gabe gelditzea, ehunka ama-aita kezkaturik egotea beren umeek mediku arretaz behartzen badira. Hau ez da arazo puntual bat, arazo estrukturala da. Urte aunitzez murrizketak egin dira osasun zerbitzu publikoan, plangintza kaskarrak egin izan dira, eta baliabideak ere eskasak. Horren ondorioa da orain pairatzen ari garena».

Hori dela eta, «eskualdean pediatria zerbitzua denbora guzian bermatuta egotea» eskatu dute, «eta horretarako hainbat eragilerekin harremanetan egonen gara. Ez dugu onartzen Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdin pediatrarik gabe gelditzea egun bat ere, eta ez gara esperoan egoten ahal ea zer pasatuko den irailaren 21ean».

Arraiozen 90 bat lagun bildu ziren.

Batzar irekia

Joan den ikasturte akabailan jakinarazi zuten bezala, Baztango Osasun Plataformak bilera irekia eginen du irailaren 16an, asteazkena, 19:00etan Arizkunenean. Bertan «orain arte egindakoaz hausnartu, plataforma indartu eta egin beharrekoa diseinatu» nahi dute, eta herritar guziak animatu dituzte parte hartzera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun