Harrera familia izan direnen egonaldia errazte aldera, «hainbat kolektibo, enpresa eta entitateren laguntza» izan du Saharaztanek. Horiek aipatu eta eskerrak eman nahi dizkie elkarteak: «Boboli, Donamaria, Sunbilla, Igantzi eta Baztango Udala, Batela, Donamariako Gurasoak, Lekaroz Institutuko Ikasbi26 gazte taldea, Erratzuko Artisauak eta Baztan Kanpina».
Hurrengo urte hasmentan, elkartea berriz hasiko da harrera familia berriak bilatzen Baztan-Bidasoan, izan ere, «orain arteko haur aunitzen egonaldiak akitu dira eta eskualde mailan jaitsiera nabarmena aurreikusten dugu. Jakitun gara familietako kontziliazio zailtasunak, gastu ekonomikoak edo haur baten zaintzak berezkoak dituen konpromisoak zailtasun izan daitezkeela harrera egile izateko. Baina Saharaztanen partetik eta oraindik hasita, erronka airean utziko dugu: animatuko al zara hurrengo udan haur saharar baten harrera familia izatera?».