Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Profesionaleko XXI. Txapelketako bederatzigarren eta ligaxkako azken aurreko jardunaldia jokatu dute larunbatean Los Arcoseko pilotalekuan. Min hartutako Xanti Uterga doneztebarraren ordez Mikel Mikelarena oiztarra aritu zen Agirrezabalarekin batera, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra. Azken hauek irabazi zuten, 33-35, baina halere Utergak eta Agirrezabalagak akituko dute ligaxka lehen postuan.
Sagasetak eta Mitxeok agudo hartu zuten aldea markagailuan eta zazpi tantoko aldea ere izan zuten 16-23koan. Baina gorriek ez zuten amore eman eta partida berdintzea lortu zuten (27-27). Azkenean, ordea, Sagaseta eta Mitxeo gehiago izan ziren bikote moduan (15 tanto egin zituen Iruritako aurrelariak eta 13 Doneztebeko atzelariak). Halere, aipagarria izan zen Mikel Mikelarenaren partida ere, seguruenik, profesionaletan debutatu zuenetik onena. Hogei tanto egin zituen Oizko aurrelariak.
Jaialdiko lehen partidan, berriz, Zeberio II.ak eta Otanok 35-22 irabazi zieten Eloi Otxandorena doneztebarrari eta Barricarti.
Ligaxkako hirugarren postua jokoan larunbatean Irunberrin
Txapelketako ligaxka akitzeko hondarreko jardunaldia bakarrik falta da. Ligaxkako hirugarren postua jokoan izanen dute irailaren 5ean, larunbatean Irunberrin Sagasetak eta Mitxeok, Matxin III.aren eta Barricarten kontra jokatuko duten partidan. Galtzaileek, sailkapen buru izan diren Utergaren eta Agirrezabalaren kontra jokatuko dute finalerdia eta irabazleek, bigarren izan diren Otxandorenaren eta Otanoren kontra.