Aimar Otxoteko eta Ainhoa Etxegarai nagusitu dira Sarako 63. Kontrabandisten Lasterketan

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 31

Sarako 63. Kontrabandisten Lasterketako podiuma, gizonezko eta emakumezko hiru lehen sailkatuekin.

Sarako Kontrabandisten Lasterketaren hirurogeita hirugarren edizioa egin zuten agorrilaren 30ean. Gizonezkoetan, Aimar Otxoteko Larrarte lesakarra nagusitu zen (40.42) eta Luken Urtxegi Urra igantziarrak (41.02) eta Ezpeletako Mikael Etxeberrik (41.29) osatu zuten podiuma. Emakumezkoetan, iaz bezala, Berako Ainhoa Etxegarai Elgorriaga izan zen bizkorrena (48.52), Urruñako Maud Combarieu bigarren (52.17) eta Sarako Oihana Berasategi hirugarren (55.05).

Luken Urtxegi igantziarra bigarren izan zen gizonezkoetan eta Sarako Oihana Berasategi hirugarren emakumeen artean

Gizonezkoetan, lehen saratarra Pantxo Saint Martin izan zen, laugarren sailkapen orokorrean (41.51) eta David Nesprias bigarren saratarra (hamabigarren sailkapen orokorrean, 44.24).

Parte hartzaile guziak, irteeran, Sarako plazan.

Ikusi sailkapen osoa hemen

Parte hartzaileek 8,4 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten. Sarako plazan hasi eta Zazpi Fagoko tontorra igo zuten, berriz ere Sarako plazara ailegatzeko. Lasterketaren berezitasuna da korrikalariak galtza luze beltzekin eta tixerta edo atorra xuriarekin janzten direla. Lehen 1.500 metroetan, gizonek 8 kiloko eta emakumeek 4 kiloko zakua bizkarrean harturi. Berako bidegurutzean zakua utzi, eta itzulerako bidean berriz hartzen dute.

Igandean izugarri aro ederra izan zuten arratsalde apala arte. Suharriagako parkean ekoizleen merkatua izan zen egun osoan, baita zikiroa ogi tartean jateko aukera ere, Olhain Ikastolak antolatua. Jendea ibili zitzaien eta kontent ziren. Arratsalde apalean, haur ttikien lasterketan euritsu izan zen, baina helduek ateri izan zuten ia ibilbide osoan.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun