Ia eginak dituzte Sarako eta Berako herriak elkarlanean mendiko azpiegiturak hobetzeko egiten ari diren lanak. Ur horniduran, pistak moldatzen eta aziendak maneiatzeko azpiegituretan egin dituzte hobekuntzak, Paretazar, Maletenea, Meagia, Santa Barbara, Labiaga, Lizuniaga eta Suspela inguruetan.
Paretazar inguruan, Larhunen, ura biltzeko 10 m3-ko ur depositua paratu dute, aziendak ura edateko askarekin. Hobekuntza honek Berako 60 hektarea eta Sarako bertze 90 hornituko ditu. Ur instalazioraino ailegatzeko, egoera txarrean zegoen 3,5 km pista moldatu dituzte: lehenik Kauleko Maletenetik abiatuta Meagiko bentaraino 3 km-tan pista moldatu, eta handik ur instalazioraino bertze 500 metrotan bide berria ireki dute.
Bertzalde, itxitura berriak ere egin dituzte herri lurretan ibiltzen diren aziendak eremu pribatuetan ez sartzeko eta, bidenabar, kontrolpean alhatzeko. Hala, lehen fase honetan Santa Barbara eta Labiaga inguruan herri lurrak itxi dituzte. Lehendik ere, itxitura batzuk eginak zituzten. Eta azkenik, hobekuntza lanen lehen fasea bukatzeko, Lizuniagatik Suspelako bidean pasabide kanadiar bat paratu dute.
Lan hauek «Sarako eta Berako herrien arteko elkarlanaren adibide bat dira» dio Aitor Elexpuru alkateak, Gure Mendia proiektuaren egiten ari direnak.
Heldu den urtean bigarren fasea
Bigarren fasean sartuko da Suspelako bidetik Matxaingo bidera arteko zatia. Hobekuntza horiek gehituta, Berako Udalak 79.491,98 euroko inbertsioa eginen du eta finantzamendu modura 47.229,72 euroko dirulaguntza hartuko du.