Aurten osotara 4,7 milioi euro banatu ditu Nafarroako Gobernuak, horietatik 3,7 milioi ibilgailu elektrikoak erosteko eta bertze milioi bat euro kargatzeko guneak instalatzeko
Tximista Auto Plana ezohiko eta aldi baterako neurri gisa sortu du aurten Nafarroako Gobernuak, mugikortasun elektrikoaren babesa emateko. Aurreikusitako 4,7 milioi euroko zuzkidura oso-osorik agortu da (3,7 milioi ibilgailu elektrikoak erosteko, eta milioi bat euro kargatzeko guneak instalatzeko. Orain arte 830 laguntza eskaera ordaindu dituzte hiru ebazpenetan banatuta.
Deialdiak lehentasuna eman dio Europan muntatutako ibilgailuak erosteari
Tximista Auto 2026 Planaren deialdia 2026ko urriaren 31ra arte aurreikusia zegoen baina, eskaera kopuru handiagatik, epea baino lehen agortu da aurrekontu kreditua.
Deialdiak lehentasuna eman dio Europan muntatutako ibilgailuak erosteari. Autoen kasuan, Europan muntatutakoek gehienez ere 5.000 euroko laguntza jaso dute, eta 2.500 eurokoa kontinentetik kanpo muntatutakoek. Eta kopuru horiei, Energia Aurrezkiaren Ziurtagiriagatik erdietsitako laguntzak gehitzen ahal zaizkie, baita kenkari fiskalak ere: ibilgailu elektriko puruentzat % 35erainokoak eta kargatze azpiegiturentzat % 25erainokoak.
Iaz eskaera guztiak artatu baino lehen agortu zen Moves III Plana
2025eko MOVES III deialdian, Nafarroan 2.500 laguntza baino gehiago eman ziren ibilgailu elektrikoak erosteko eta kargatzeko azpiegiturak instalatzeko. Hala ere, ibilgailu elektrikoak erosteko 550 eskaera inguru ezin izan ziren aintzat hartu, Ministerioaren finantziazio faltagatik. Hori ikusita, Nafarroako Gobernuak bere funts propioekin Tximista Auto Plana behin behinean aktibatzea erabaki zuen, 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera ibilgailu elektrikoak erosteko eskaera berriei erantzuteko aukera emanez, Auto+ programa martxan jarri arte edo Estatuaren finantzaketa berria iritsi arte.