Nafarroako Herriz Herri Txapelketa azken txanpan sartu da. Bai lehenbiziko proba konbinatuan (txokorrak, zakua, aizkora, lasterka eta arpana), bai bigarren proba konbinatuan (ingudea eta txingak), hiru jardunaldi jokatu dituzte: uztailaren 25ean Elizondon, abuztuaren 1ean Beran eta abuztuaren 16an Burlatan. Talde bakoitzak bi saio egin ditu, eta horietan lortutako denbora eta puntuak kontuan hartuta, proba konbinatu bakoitzean lau taldek lortu dute finalera sailkatzea.
Lehenbiziko proba konbinatuan, Bortziriak finaletik kanpo gelditu da, eta Berriozar, Ultzamaldea, Irurita eta Txantrea ariko dira larunbateko finalean. Bigarren proba konbinatuan, berriz, Berriozar gelditu da kanpoan, eta Bortziriak, Irurita, Txantrea eta Ultzamaldea ariko dira finalean nor baino nor gehiago.