Ados Pilotak Plazaz Plaza emakumezkoen pilota txapelketaren VI. edizioa aurkeztu du gaur, abuztuaren 6an, Erratzuko Gorostapolo plazan. Aurkezpenean izan dira Xabier Uriarte, Erratzuko ordezkaria; Gorka Urtasun, Baztango Udaleko Kirol zinegotzia; Ados Pilotako ordezkariak, eta txapelketan parte hartuko duten pilotariak.
Ados Pilotak Plazaz Plaza emakumezkoen pilota txapelketaren VI. edizioa aurkeztu du gaur, abuztuaren 6an, Erratzuko Gorostapolo plazan. Aurkezpenean izan dira Xabier Uriarte, Erratzuko ordezkaria; Gorka Urtasun, Baztango Udaleko Kirol zinegotzia; Ados Pilotako ordezkariak, eta txapelketan parte hartuko duten pilotariak.
Plazaz Plaza txapelketak bere seigarren edizioan ere hasierako helburuari eutsiko dio: emakumezkoen pilota ohiko pilotalekuetatik atera eta herrietako plazetara eramatea, kirola ikusleengana gerturatuz eta herri bakoitzeko giroarekin bat eginez.
Aurten, gainera, txapelketak beste urrats bat egingo du plaza berriak konkistatzeko bidean. Ados Pilota Gaztela eta Leonen jokatzen hasi den urtean, txapelketako bi jaialdi erkidego horretan egingo dira: Arauzo de Mielen eta Pancorbon. Horrela, emakumezkoen pilotak lurralde eta publiko berrietara zabaltzen jarraituko du.
Sei bikote eta bi multzo
Aurtengo txapelketan sei bikotek parte hartuko dute, hiruna bikoteko bi multzotan banatuta:
A taldea:
- Gomez–Mujika
- Aranburu–Agirre
- Iturriaga–Mendiburu
B taldea:
- Aldaregia–Arrastia
- Barrokal–Orbegozo
- Oskoz–Ruiz de Larramendi
Multzo bakoitzeko bikoteek elkarren aurka jokatuko dute ligaxka sisteman. Fase hori amaitutakoan, multzo bakoitzeko lehen bi bikoteak sailkatuko dira irailaren 5ean Artaxoan jokatuko diren finalerdietarako.
Finalerdietako bi bikote irabazleek irailaren 12an Gorostapolon jokatuko dute final handia.
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat partiduen formatua izango da: norgehiagokak 30 tantora jokatuko dira, herrietako plazen ezaugarrietara hobeto egokitzeko.
Mendeurreneko final berezia Gorostapolon
Plazaz Plaza txapelketaren VI. edizioak amaiera oso berezia izango du, final handia 100 urte betetzen dituen Erratzuko Gorostapolo plazan jokatuko baita.
1926tik pilotaren eta herritarren topagune izan den plaza historikoak emakumezkoen goi-mailako pilotaren finala hartuko du bere mendeurrenean. Horrela, ehun urteko historia duen plaza batean, gaur egungo emakumezko pilotariak izango dira protagonista.
Plazaz Plaza VI. edizioko egutegia
- Abuztuak 15: Areso
- Abuztuak 18: Arauzo de Miel
- Abuztuak 22: Eltziego
- Abuztuak 23: Pancorbo
- Abuztuak 28: Aizarnazabal
- Irailak 5: finalerdiak, Artaxoa
- Irailak 12: final handia, Gorostapolo
Plazaz Plaza txapelketaren VI. edizioak emakumezkoen pilota herriz herri eta plazaz plaza zabaltzen jarraituko du, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Gaztela eta Leongo hainbat herritan barrena.