Leitzarra da Kattalin Lizarraga Mendia eta aranztarra Kattin Madariaga Apaolaza. Adinekoak dira biak, 2008an sortuak, bertsolariak eta bertso kideak, baita lagunak ere. Agerikoa da euren arteko konplizitatea eta ahizpatasuna. Bertsolaritzak eman die elkar ezagutzeko, lagun egiteko eta oholtzak eta bertze aunitz konpartitzeko bidea. Aste honetan beteko ditu 18 urte batek, eta abenduan bertzeak, baina heldutasunez mintzatu dira.
Nor dira Kattin eta Kattalin?
«Lagunak egitea baino gehiago lagunak izatea gustatzen zaiona» dela erranez hasi du aranztarrak bere aurkezpena. «Egiten dudanarekin konprometitua eta zorrotza» dela kontatuz segitu du eta bereziki maite duena «hitzaren josteta» da; «horrekin gozatzen dut. Eta horren bueltan egin ditudan lagunen hagitz laguna naiz, baina aldi berean, alderdi txar guzien kontzientea naiz».
Leitzarrak, berriz, «lagunekin egotea» gustatzen zaiola aitortu du, baita «sozializatzeko gauzak egitea» atsegin duela ere: «bertsoak, parranda, futbola... Nahiko mugitua naiz. Ez dakit ezetz esaten eta denetara apuntatzen naiz. Gauzak hobekiago edo okerrago aterako zaizkit, baina saltsa guzietan ibiltzen naiz». Lenbailen musika taldeko abeslari ere ibilia da, «ezetz esaten ez dakidalako. Baina orain ez. Dena ezin da».
Biak «nahiko musikazaleak» direla gehitu dute, eta argi gelditu da «bertso udaleku zaleak» ere badirela. Hain zuzen, bertso udaleku horietako batean ezagutu zuten elkar, 2022an Larraulen (Gipuzkoa). Batak zein bertzeak bihotzean ongi iltzatuak dituzte udaleku haiek. Lizarragak «oso oroitzapen onak» ditu eta «inflexio puntua» izan zela dio, eta Madariagak «bizitzako oroitzapenik hoberenetarikoak» ordukoak ditu: «Bizitzako aste bat aukeratzeko eskatuta, horixe aukeratuko nuke. Mundua ireki zitzaigun».
Geroztik parte hartu izan duten udalekuetan ere «aunitz gozatu» omen dute, «baina zer ziren edo gozatuko genuela jakinda joan ginen. Bertso udaleku horiek gure gisako jende gehiago badela ikusteko balio izan digute», esplikatu du Madariagak: «Normalean bertso udalekuetan biltzen garenak herri bakoitzeko bitxo arraroak izaten gara». Eta hala borobildu du Lizarragak umoretsu: «Eta bitxo arraroak bilduz gero ez direla hain arraroak ikusten da. Udalekuak, juntadizoak... Hori ere bertsolaritza da».
Noiztik bertsotan?
Xalbador Madariaga Elizondo (Arantza, 1930) bertsolariaren biloba da Kattin Madariaga, eta aski gazterik sartu zen bertsolaritzan; «sei bat urterekin», erran du: «Eskolako orduko zuzendaria patio denboran bertso eskola moduko bat ematen hasi zen. Nire anaia joaten hasi zen, eta gurasoek behin eta berriz erran zidaten joateko. Nik ez nuen nahi, baina azkenean, joan nintzen». Kontatu duenez, «hasieran, ez nuen batere gozatzen. Ez nuen entenditzen, ez nekien zer zen bertso bat». Baina hartu zion neurria: «Arantzan eskolatik kanpoko bertso eskola sortu zuten, eta harat ere joateko eta joateko erran zidaten. Oroitzen naiz joan nintzela, eta buruak klik egin zidala. Orduan entenditu nuen bertsolaritza hitzekin jostetan aritzea dela. Erran nahi nuena errateko espazio bat harrapatu nuen, eta gainera, aditzen zidatena». Huraxe izan zen abiapuntua, eta geroztik horren bueltan dabil: «Arantzako bertso eskola desagertu zen [gaur egun bada], eta nire adinekoekin Berara joaten hasi nintzen, eta ondotik, Lesakara, handien bertso eskolara». Gaur egun, bi horietan segitzen du.
Kattalin Lizarraga Mendia: «Ostegunero bertso eskolara joatea oasi bat da eta askotan terapia bat»
Lizarragak Leitzako Errezuma baserrian izan zuen «lehenbiziko hartu-emana» bertsoarekin, «nire gurasoen osabaren baserrian. Igandero han bazkaltzen dugu eta beti Hitzetik Hortzera jarria izaten da. Anai-arreben artean, Hitzetik Hortzera gustura ikusi izan dudan bakarra izan naiz». Eta hala, entzule izatetik koska bat goiti egin zuen: «Handik urte batzuetara, bosgarren mailan, bertso eskola saioak egin genituen eskolan Julio Sotorekin. Oso gustura egon nintzen, errimatzeko moldatzen nintzela ikusi nuen, eta bertso eskolan apuntatzera animatu ninduen». Leitzako bertso eskolan hasi zen, nahiz eta gaur egun, Lasartekoan dabilen: «Leitzan hasi nintzen, baina adineko bakarra gelditu nintzen, eta zaharragoekin edo askoz gazteagoekin aritzeko aukera baino ez nuen. Azkenean, Lasartera joan nintzen, han ezagunak nituelako». Hantxe segitzen du.
Bertso eskolak
Bertso eskolak topagune garrantzitsuak izan dira bi gazteentzat. Lizarragaren kasuan, «zeure burua eta oholtzak prestatzeko toki bat» izatetik haratago, «herritik atera eta ostegunero Lasartera joateko aukera izatea oasi bat» dela sentitzen du. «Bertso eskola beste pertsona batek zure bertsokera beste begirada batetik ikustea eta modu konstruktiboan epaitzea da, zaren bertsolaria eraikitzeko atea irekitzen dizun espazioa». Madariagaren irudiko, «bertsotan ibiltzen ez den jendeak ez du entenditzen bertso eskolaren kontzeptua. Bertso eskolara joaten garenean, ez gara beti gai bat paratu eta horri kantatzen aritzen. Bertso eskola saretze bat da. Kide batzuekin entrenatzen zara, eta entrenatzen ari zaren bitartean zure kideak ere entrenatzea nahi duzu. Bitartean, asteburuko saioan nola ikusi zaituen galdetuko diozu, zure kezkak kontatuko dizkiozu, edo egun batean merienda bat eginen duzue eta bertsoa ez duzue aipatuko. Entrenatzera zoaz, baina ez da hori bakarrik. Bertso eskolako kideak zaintzea ere bada bertso eskola».
Kattin Madariaga Apaolaza: «Oholtza bertsolaritzaren alderdirik minimoena da»
Leitzarrarentzat «bertso eskolak, askotan, terapia» dira. «Adibidez, nire gurasoak saio aurreko nire nerbioak kontrolatzen saia daitezke, baina bertso eskolako irakasleak hobekiago jakinen du nerbio horiek kudeatzeko niri zer esan, bera oholtzan ibili delako eta badakielako zer esan». Eta bertso eskolako irakasleak aipatuta, aranztarrak ere goraipatu nahi izan du berea: «Inork ez daki nire irakasleak baino hobekiago ni nola aritzen naizen bertsotan. Berak nire bertsokera bertso eskolako ganbarako intimitatean ezagutzen du. Eta uste dut plazan botako ditugun bertsoak ez direla inoiz hoberenak eta gureenak izanen».
Elkarrekin oholtzan
Oholtza bat baino gehiago partekatu dituzte elkarrekin. Eskolartekoetan, adibidez. Adinagatik, aurtengoa izan dute azkena. Hiru aldiz parte hartu du leitzarrak eta lau aldiz aranztarrak, bai Nafarroakoan, bai Euskal Herrikoan. Eta horren harira, saioak batera tokatu zaizkiela onartu dute. «Biak profil jakin batekoak gara, neska gazte nafarrak, eta aunitzetan, tristea bada ere, plazak kupoaren arabera osatzen direnez, plazak partekatzea tokatu zaigu», dio Madariagak. Neska gazte nafarrak izateak ateak irekitzen dizkielako? «Ez gara kexatuko, horrek oholtzak ekartzen dizkigu, baina nik Kattin Madariaga Apaolaza izateagatik edo bertsotan aditu nahi didatelako deitzea nahi nuke, ez neska gazte nafarra naizelako». Dena den, Lizarragak gehitu du «beste ate batzuk ere irekitzen» dizkiela: «batzuetan kupo bat besterik ez gara, eta besteetan zuzenean gu garelako deitzen digute».
Elkarrekin kantatu zuten azken aldi horietako bat Euskal Herriko Eskolartekoan izan zen, ekainaren 13an, Arantzan. Leitzarrak kontatu duenez, «aurreko urtean pasatua ailegatu nintzen Arantzara [iaz ere Euskal Herriko Eskolarteko finala Arantzan izan zen], botaka... Baina gero, oholtzan beti lasaitzen naiz. Aurten, Eskolartekoan azken urtea izanda, banekien txapela ez nuela irabaziko eta disfrutatu nahi nuen. Gorputzaldi onarekin igo nintzen oholtzara eta ongi pasatu nuen». Bigarren gelditu zen: «Ez nuen espero!», onartu du.
Aranztarrak, ordea, ez zuela gozatu dio: «Aurten gauza aunitz eduki ditut buruan: eskolartekoa, selektibitatea, bigarren batxilergoa, Nafarroako Bertsolari Txapelketa [17 urterekin lehenbiziko aldiz parte hartu du]... Eta ez nuen Euskal Herriko Eskolartekoan pentsatu. Hasieran uste nuen lasaitasuna zela, baina oholtzan ohartu nintzen hausnarketa eta kontzientziazio falta zela. Bat-batean aitzinetik egin beharreko lan mental hori etorri zitzaidan. Bertso aldiro neure buruari ez huts egiteko erranez ibili nintzen, eta ez nuen gozatu. Gainera lehenbizikoa nintzen, eta ez zait batere gustatzen; mentalki, horrek beti nerbioso jartzen nau».
Hala ere, biek aipatu dute finalean izandako maila: «Euskal Herriko zazpi herrialdeetako gazteak aritu ginen, eta uste dut ikaragarrizko maila izan zela. Ea zenbat ekimenetan juntatzen ahal diren zazpi herrialdeetako gazteak. Bakoitzaren lanetik haratago, horrekin gelditu beharko genuke».
Oholtza baino gehiago
Oholtzaz aritu dira, baina hori baino gehiago eman die bertsolaritzak. «Oholtza bertsolaritzaren alderdirik minimoena da», adierazi du Madariagak. Euren hitzetan, bertsoa ez da oholtza bakarrik; ez da errima eta neurria bakarrik.
Lizarragak honela aitortu du: «Bertsolaritzarik gabe, ez nintzateke oraingo Kattalin izanen, inondik inora ere ez. Segurtasuna eman dit, entzuna sentitzen naizen espazio bat eman dit, beste kuadrilla bat, zirkulu bat, Euskal Herriko hainbat txokotan parranda egiteko aukera, lagundu diguten begirale pila bat, burua lantzeko ariketa, oholtza koloretsuak ikusita ze diferenteak garen eta desberdinak izatea ze beharrezkoa den kontziente izateko aukera... Izaera aldetik pila bat markatu nau; egoerak beste modu batera ulertzeko eta kudeatzeko gaitasuna eman dit eta asko eskertzen diot. Euskal Herrian, osasuntsuena eta askotarikoena den zirkulua iruditzen zait».
Madariagak bertsolaritzak eman dion «sarea» nabarmendu du, eta horrekin batera, «Euskal Herriari buruzko pertzepzio bat» hartu du, «bertze edozein esparrutatik ikusi ezin dena. Adibidez, euskararen egoerari buruz ez nuke hainbertze hausnartuko bertsotan ibili ez banintz. Edo ez nituzke hainbertze euskalki edo Euskal Herriko hainbertze herri ezagutuko». Gehiago ere bai: «Ezetz erraten ikasteko eta burua aktibatzeko gaitasun handia» eman diola sentitzen du, baita «begirada feminista» ere. «Bertsoa aunitz da burua eta ahotsa, baina bertsoa aunitz da gorputza. Zu oholtzan zaude, begi aunitz zuri begira daude, historikoki gizonen espazioa izan da eta ni neska gaztea izanda, bertze edozein esparruk emanen ez lidakeen begirada eman dit bertsolaritzak». Eta segitu du: «saretzeko, bertzeen tokian jartzeko, bertzeen errealitateak entenditzeko gaitasunak... ». Hori guztia eman dio. «Halere, ez da sobera mitifikatu behar, bertsolaritza ez da perfektua».
Emakumeak plazan
Gero eta emakume gehiago ikusten dira bertsotan plazetan, eta bi bertsolari gazteak ere horren jakitun dira. Baina bada oraindik non eragin. Madariagaren arabera, «plazetako presentzia orekatzen saiatzen ari dira, saio batean erdiak gizonezkoak eta bertze erdiak emakumezkoak izan daitezen, eta hori positiboa da. Baina plazetan dabiltzan gizon horiek ehun dira eta emakumeak hogei. Alegia, jende aitzineko kopurua orekatua da, baina aritzen diren horiek osatzen duten kopurua oraindik ez da orekatua». Bere hitzetan, «orekatze bide horretan paper hagitz garrantzitsua dute ahalduntze bertso eskolek, Señora Sariketak edo ildo transfeministatik antolatzen diren sariketek. Baina ezin da erran orekatua dagoenik. Final batera emakume gehiago ailegatuko dira, baina txapelketa osorik hartzen badugu, gehiengoa gizonezkoa da».
Kattalin Lizarraga Mendia: «Oraindik, falta zaigun espazio baten alde borrokan ari gara emakumeak»
Bertze hutsune bat hartu du hizpide Lizarragak: «Parrandan bi neska baino askoz lehenago ikusiko dituzu bi mutil bertsotan eta norbaitek parrandan bi lagun bertsotan aritu direla esaten badizu, gizonezkoak imajinatuko dituzu». Kontrara, «beste korronte batean, Señora Sariketan, adibidez, emakumeak askoz gehiago» direla gehitu du, «baina hori oraindik falta zaigun espazio baten alde borrokan ari garelako da». Bere ustez, «gizartean, emakumeoi askoz gehiago eskatzen zaigu, edo merezi dugun leku bat lortzeko demostratu behar dugu, egotea ez da nahikoa». Bertso eskolan irakasle ibiltzen da eta hor ere sumatua du: «Bertsoak kantatzerakoan, mutilek ausardia handiagoa dute. Bertso txarragoa botako dute, baina burua altxa-altxa eginda geldituko dira, eta neskak, aldiz, zerbait perfektua bota bitarte isilik». Berak ere hori sentitu du: «Eskolartekoan, aukera izan nuen lehenbiziko urtean, ez nuen parte hartu, ‘Perfektu egin behar ez badut, ez naiz aterako’ esaten nuelako».
Aranztarrak Xilaba Txapelketako adibidea esplikatu du: «Txapelketan bederatzi emakumezkok parte hartu zuten eta bortz ailegatu ziren finalera. Hori da perfektu egin behar hori. Ez diogu geure buruari gaizki egitea baimentzen. Igual gazteongandik egin beharreko aldaketa da. Nire lehenbiziko eskolartekoan neska bakarra nintzen, eta aurten gehiago ginen neskak. Eskolartekoan pentsaera hori hartzen badugu, igual Txapelketa Nagusian aiseago aterako gara».
Mugarriak
Eskolartekoak, Señora Sariketa, Madariagaren kasuan Nafarroako Bertsolari Txapelketa, bertzelako saioak… Gazteak izanagatik, han eta hemen ibiltzeko aukera izan dute. Horien artean, «Bilboko Aste Nagusiko Algara konpartsak urtero bertsolari gazteekin egiten duen saioa» aukeratu du Madariagak, beretzat «mugarri» izan delako. «Gazteentzako sariketa aunitz egiten dira Euskal Herrian, baina gazteentzako saioak hagitz gutti. Bilboko konpartsa honek eskolartekoan kantatu dugunoi elkarrekin kantatzeko espazio bat ematen digu. Behin bakarrik kantatzen du bakoitzak, baina ondotik ere ikaragarri zaintzen gaituzte».
Lizarragak, ordea, Señora Sariketa aukeratu du. «Sariketa horretan lehiak ez du zentzurik. Zu ondokoarengatik pozten zara eta ondokoa zuregatik. Zaindua sentitu izan naiz eta niretzat mugarria izan da».
Txapelketak eta lehia
Eta txapelketak beharrezkoak ote dira? «Beharra bada. Ez dakit lau urtetik behin BEC edo Nafarroa Arena beteko ez balira, bertsolaritzak biziraunen ote lukeen. Edo gazteak eskolartekoetan ariko ez bagina, segituko ote genuke kantari saioetan? Hala ere, lehiari tokatzen ez zaion indarra ematen zaio», erran du Madariagak. Nafarroako Bertsolari Txapelketan bizitakoaz aritu da: «Bertze bertsokera bat ezagutu nuen. Eskolartekoa lehia iruditzen zaigu, eta Nafarroako Txapelketa lehia bider hogei iruditu zitzaidan. Gainera, ez duzu lagunekin kantatzen eta ondokoak nik ongi egitea nahi du, baina ez berak baino hobekiago. Entenditzen dut bertsoak horretatik behar duela, eta biziraun badu, horri esker dela hein batean, baina…». Hala gehitu du: «Zeinen polita izanen litzatekeen lehia kenduta».
Kattin Madariaga Apaolaza: «Gazteentzako sariketa aunitz egiten dira baina saioak hagitz gutti»
Leitzarrari, txapelketetan, «askotan, kanpoan lehian ari direnen txotxongilo bihurtzen» direla iruditzen zaio. «Oholtzan gure lana egiten ari gara eta kanpotik zerbait espero dute. Hala ez bada, baten batek disgustua izanen du. Bai, txapelketa lehia da, eta batek irabaziko du, baina horren aurretik dago bertsoaz gozatzea eta gustura gelditzea». Onartu du, «lehian ari ez naizenean, askoz ere hobekiago kantatzen» duela; «ez diodalako neure buruari hainbeste exijitzen. Saioa zenbat eta informalagoa izan, ni orduan eta lasaiago».
Nerbioak
Urduritasunak kudeatzea. Horixe bertze erronka. Lizarragak, adibidez, «nerbioak oso gaizki kudeatzen» dituela aitortu du, «askotan aritu naiz botaka… Urduritasun handiarekin ibiltzen naiz, igual du saioa izan edo txapelketa izan. Oso perfekzionista naiz eta… Baina konpentsatzen dit, bestela, ez nintzateke animatuko».
Madariagak, berriz, «nerbioak beti» sentitzen baditu ere, «aunitz eragiten» omen dio bertso kideak: «Lagunekin, konfiantza dudan eta lasaituko nauen jendearekin kantatu behar badut, lasaiago aritzen naiz. Idolotzat ditugunekin bertsotan aritzeak kezka pixka bat sortzen du, edo ezagutzen edo konfiantzarik ez duzunekin kantatzeak ere bai». Leitzarra iritzi berekoa da: «Kantatzeko ordenak eta ondoan dudanak asko baldintzatzen ditu nire nerbioak».
Bertsolari egin edo jaio?
Aranztarraren irudiko, «bertsolari on bat, oinarrian bertso kide on bat da, eta ondokoari bertso on bat botatzeko bidea irekitzen diona»; leitzarrarentzat, berriz, «oholtza kideak zaintzen dituena» da, «bertsolaritza sare bat dela entenditzen dugulako pentsatzen dugu hori».
Eta bertsolari egin edo jaio egiten da? «Berezkoa behar dela erranen nuke. Abilidadea behar da, eta batez ere, interesa. Baina berezkoarekin bakarrik ez zoaz inora. Landu egin behar da, burua beti martxan eduki», dio aranztarrak. Leitzarrak ere hala uste du, «gustukoa eta gaitasuna izan behar dela, baina landu beharrekoa dela», eta «bertsolariek asko hausnartu» behar dutela.
Badute zer kontatua eta bistan da gai aunitzen inguruan aunitz hausnartutakoak direla. Bertsoaren bueltan segitu nahi dute biek eta bereziki «bertsolaritzak gibeletik edo atzetik duen saretze hori guzia da galdu nahi ez duguna». Bertsoa ikusten dena baino aunitzez gehiago delako Kattalinentzat eta Kattinentzat.
KATTIN ETA KATTALIN HURBILETIK
• Batxilergoko ikasgairik gustukoena? Kattalin: Filosofia. Kattin: Euskara edo Latina.
• Bizitzako erreferente bat? Kattalin: Nire amona. Kattin: Estitxu Arozena.
• Bertso bat? Kattalin: Manex Leonek, hitza emanda, 2023an Nafarroako Eskolarteko Bertsolari Txapelketan kantatu zuena, ortzadarrarena. Kattin: Sustrai Colinak 2022ko Txapelketa Nagusian, Irungo bakarkakoan kantatutakoak.
• Bertsolari bat? Kattalin: Oihana Iguaran. Kattin: Maialen Lujanbio edo Onintza Enbeita.
• Txapelketa Nagusiari begira faborito bat? Kattalin: Leitzarrak. Kattin: Maialen Lujanbio edo Sustrai Colina.
• Plaza bat? Kattalin: Señora Sariketa. Kattin: Bertso eskola.
• Doinu bat? Kattalin: Haurtxo txikia negarrez dago. Kattin: Calle Melancolia.
• Pentsatutako bertsoak edo bat-batekoak? Kattalin: Bat-batekoak nahiago. Kattin: Bertzeen pentsatutakoak eta nire bat-batekoak.
• Norekin kantatuko zenukete gustura? Kattalin: Jon Maiarekin. Kattin: Roxi Lazkanorekin eta Kristina Mardarasekin.
• Zer ikasteko asmoa duzue? Kattalin: Nik Kazetaritza. Kattin: Euskal Ikasketak.
• Amets bat? Kattalin: Bizi beharrekoa bizitzea eta telebistako programa bat aurkeztea. Kattin: Liburu bat ateratzea eta noizbait Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalera ailegatzea eta nire lagunek kamiseta bat egitea.