Berriz ere Doneztebek eraman du Laxoa Txapelketako txapela

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 3a

46. Laxoa Txapelketko lau talde onenak, antolatzaile eta laguntzaileekin batera, Oizko plazan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Abuztuaren 1ean Oizen jokatutako finalean, Doneztebe Titi talde gazteak 9-3 irabazi zion Oiz B taldeari

Nafarroako XLVI. Laxoa Txapelketako finala jokatu zuten Oiz B eta Doneztebe Titi taldeek larunbat arratsaldean Oizko plazan. Herriei dagokienez, joan den urteko finalista berak ziren, baina bi taldeak ezberdinak ziren eta zortzi finalista gazteetatik bakar bat ere ez zen finalean aritua aurten arte. Azkenean, espero baino emozio guttiago izan zen eta Doneztebe Titi taldeak (David Mitxeo, Koteto Ezkurra, Eloi Garcia eta Daniel Pio Garcia) 9-3 irabazi zion Oiz B taldeari (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Markel Leatxe eta Zorion Zelaieta).

Doneztebe Titi (txuriz) eta Oiz B (gorriz), finalean. Jendetza bildu zen Oizko plazan. Argazkia: Ondikol

Larunbat goizean, hirugarren posturako partida jokatu zuten eta joan den urtean txapeldunorde izan zen Oiz A taldeak (Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Jon Oiartzabal eta Ugutz Zelaieta) 9-5 irabazi zion Arraioz Zubiondoa-Indakoa taldeari (Mikel Mindegia, Oskitz Karrikaburu, Urki Etxandi eta Aritz Alundaren ordez aritu zen Migue Maritorena).

Sari banaketan izan ziren Andrea Lusarreta, Nafarroako Pilota Federazioko presidentea; Gorka Urtasun, Baztango Udaleko zinegotzia, Rakel Ariztegi Oizko alkatea eta Euskadiko Kutxako Leire Eritze.

Laxoaren egun handia

Aipatzekoa da txapelketa borobiltzeko bi partidez gain, egitarau zabala izan zutela egun osoan, laxoaren besta egun handi honetan. Donamariako Bentan bazkaria izan zuten eta bazkalondoan, Oizko plazan bertan, bisita gidatua eskaini zuen Laxoa Elkarteak, laxoa ezagutzera emateko eta historia eta arauak azaltzeko lehenik, eta partidan zehar, jokoaren inguruko azalpenak ere eman zizkieten apuntatu ziren 51 lagunei. Lehen aldiz finala zuzenean eman zuten Youtuben. Sari banaketaren ondotik, plazan bertan afari-merienda eta DJ Endararen eskutik musika izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun