Nafarroako XLVI. Laxoa Txapelketako finala abuztuaren 1ean jokatuko dute Oizen

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 31

Oizko plazan jokatuko dute laxoa txapelketako finala larunbat arratsaldean eta hirugarren posturako lehia goizean.

Nafarroako XLVI. Laxoa Txapelketako finala jokatuko dute Oiz B eta Doneztebe Titi taldeek abuztuaren 1ean, larunbatean 17:30ean hasita, Oizko plazan. Ligaxkatik finalerdietara zuzenean sailkatu ziren bi taldeak izanen dira aurrez aurre, ligaxkako lehena eta bigarrena. Finala jokatuko duten zortzi pilotari gazteen artean bakar bat ere ez da txapeldun izan orain artean, beraz, txapeldun berriak izanen dira.

Oiz B eta Doneztebe Titi aurrez aurre izanen dira larunbatean 17:30ean hasiko den partida nagusian eta goizean hirugarren posturako lehia jokatuko dute Oiz A eta Arraioz Zubiondoa Indakoa taldeek

Oiz B taldean Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Markel Leatxe eta Zorion Zelaieta ariko dira eta Doneztebe Titi taldean, berriz, David Mitxeo, Koteto Ezkurra, Eloi Garcia eta Daniel Garcia.

Laxoaren besta egunik handiena

Larunbat arratsaldean jokatuko den final nagusi horren aitzinetik, larunbat goizean, 11:00etan hirugarren posturako lehia jokatuko dute Oiz A (Ioritz Zelaieta, Iker Bereau, Jon Oiartzabal eta Ugutz Zelaieta) eta Arraioz Zubiondoa Indakoa (Mikel Mindegia, Oskitz Karrikaburu, Urki Etxandi eta Aritz Alunda) taldeek. Gero, 13:30ean, bazkaria izanen dute Donamariako Bentan. Bazkalondoan, Oizko plazan bertan, 16:45ean, bisita gidatua eskainiko du Laxoa Elkarteak, laxoa ezagutzera emateko eta historia eta arauak azaltzeko. 17:30ean izanen da final nagusia. Lehen aldiz finala zuzenean emanen dute Youtuben. Sari banaketaren ondotik, plazan bertan afari-merienda eta DJ Endararen eskutik musika izanen dute, laxoaren egun handia borobiltzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun