Joan den urtean finalaren atarian gelditu zen Oiz B, finalaurrekoan herriko bertze taldearen kontra luzapenean galduta. Aurten ere ez du xamur izan Oizko gazteen taldeak (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Markel Leatxe eta Zorion Zelaieta), finalerdietako joaneko partidan 9-5 galdu baitzuen Arraiozen, Arraioz Zubiondoa Indakoa taldearen (Mikel Mindegia, Oskitz Karrikaburu, Urki Etxandi eta Aritz Alunda) kontra. Igande arratsaldean egoera iraultzea lortu zuen, etxean 9-5 irabazi baitzion Arraiozko taldeari. Honela, oraingoan ere, luzapena jokatu behar izan zuten eta, kasu honetan, Oiz Bk lortu zuen 3-1 irabaztea. Honela, abuztuaren 1ean Oizen jokatuko den XLVI. Laxoa Txapelketako final nagusian, Oiz B eta Doneztebe Titi izanen dira aurrez aurre.
Finalerdietako itzulerako partida zirraragarria izan zen, sekulakoa, txapelketako onena. Oiztarrek derrigorrean garaipen garbia behar zuten etxeko finalean izateko eta urduritasun hori aprobetxatu zuten arraioztarrek 0-2 irabazten hasteko. Bina berdindu zuten etxekoek, baina 2-3 ere aitzinetik izan ziren baztandarrak. Kanporaketa bideratua zutela zirudien, baina oiztarrek sei joko segidan egin zituzten (8-3). Hor, alderantziz, bazirudien Oiz Bk finala eskuetan zuela, baina hurrengo bi jokoak Arraiozko taldeak egin zituen (8-5). Azken joko erabakigarrian Oiz Bk lortu zuen partida luzapenera eramatea (9-5) eta hor etxekoak nagusitu ziren (3-1).
Finala eta hirugarren posturako lehia larunbatean Oizen
Ligaxkatik finalerdietara zuzenean sailkatu ziren Doneztebe Titi eta Oiz B izanen dira, beraz, abuztuaren 1eko finalean. Finala jokatuko duten zortzi pilotarien artean bakar bat ere ez da txapeldun izan orain artean, beraz, txapeldun berriak izanen dira. Larunbat arratsaldean jokatuko den final nagusi horren aitzinetik, larunbat goizean, 11:00etan hirugarren posturako lehia jokatuko dute Oiz A eta Arraioz Zubiondoa Indakoa taldeek. Gero, bazkalondoan, plazan bertan, 16:45ean, bisita gidatua eskainiko du Laxoa Elkarteak, laxoa ezagutzera emateko eta arauak azaltzeko. 17:30ean izanen da final nagusia. Lehen aldiz finala zuzenean emanen dute Youtuben. Sari banaketaren ondotik, plazan bertan afari-merienda eta musika izanen dute, laxoaren egun handia borobiltzeko.