Malerreka, Leitzaldea, Baztan eta Bortzirietako hogeita hamar bat lagun dabiltza Piz&Lohi kolektiboaren bueltan. Tartean da Gaizka Leitza Alduntzin leitzarra. Musika egin eta ulertzeko modu berezi batek elkartu dituela azaldu du Leitzak: «Ohiko eszenatik aldentzen da gure eskaintza. Musika gogorragoa edo makarragoa edo alternatiboa egiten duten eskualdeko musika taldeetako kideak izan dira hau guztia martxan jarri dutenak».
Aukera berriak
Bertako taldeentzat aukerak sortzea izan dute hasieratik pizgarri: «Autogestioaren bueltan zerbait egin nahi izan dugu. Musikaren arloan tokia egitea geroz eta zailagoa daukan jende horri plazak eskaintzea izan da helburuetako bat». Haizea kontra zutela jakin arren, babesguneak sortzea ere bai: «Azkeneko urteetan ikusi da rocka ez bestelako generoak tokia irabazten ari direla eta horren aurrean, gureari eusteko zerbait egin behar dugula ikusi dugu». Helburu horrekin antolatu zuten 2019an Piz&Lohi Pest jaialdiaren lehenbiziko edizioa. Joseba Irazoki, Zakil, Sodade, Azken Trena, Ozpinduk eta Kaskezur musika taldeek osatu zuten kartela, «denak eskualdeko musikariak». Lehenbiziko edizio hark «inguruan mamia badagoela» erakutsi zuen: «Eskualdean genero hauetan dabiltzan musikari eta musika zale ugari daude eta horrek urtez urte jaialdia antolatzeko aukera eman digu».
«Eskualdeko musika taldeak izan dira hau guztia martxan jarri dutenak»

Kolektiboaren sorrera
Urteak pasa ahala, egun bateko festa hark gehiagorako eman zezakeela ikusi zuten: «Pasa den urteko neguan Zubietan bilera bat antolatzea erabaki genuen Piz&Lohi kolektiboaren sorreraz hitz egiteko». Interesa eduki zezakeen jendeari egin zioten bertaratzeko gonbidapena eta eskualde osoko jendea azaldu zen: «Erdi brometan esan izan dugu beti Ttipi-Ttaparen eremua dela gurea. Gure txistea da Ttipi-Ttapa ailegatzen bada zure herrira izan zaitezkeela Piz&Lohiren parte». Malerreka, Baztan, Bortziriak eta Leitzaldeko hogeita bost bat lagun elkartu ziren eta bertan bizitakoa «oso polita eta berezia» izan zela nabarmendu du Leitzak: «ikusi zen musikarien artean bazegoela gauzak elkarrekin egiteko gogo eta asmo bat». Talde anitza zen, «mahai beraren bueltan hogeita hamar urtez musikaren munduan dabilen jendea eta lehenbiziko pausoak ematen ari direnak elkartu ginen, elkarrekin zerbait sortzeko ilusioa bazegoela nabaritu zen».
«Azken urteetan ikusten da rocka ez bestelako generoak tokia irabazten ari direla»
Saretzeko premia
Bilera hori baliagarria izan zen ideiak partekatzeko: «Bakoitzak bere buruan forma eman dio kolektibo izate horri. Ikusi genuen bakoitzak kontzeptu batekin lotzen zuela. Batzuk kontzertuak antolatzea erraztuko duela azpimarratu zuten. Besteek baliabideak partekatzeari eman zioten garrantzia… zalantzak, kezkak... ikuspegiak desberdinak ziren, baina denek bat egin zuten saretzea premiazkoa zela esatean».
«Ikusi zen musikarien artean bazegoela gauzak elkarrekin egiteko gogo eta asmo bat»
Oinarriak
Jaialdiak beti izan ditu argi bere oinarriak, «naturalki sortu dira, bertan elkartu den jendeak eman dio izaera». Kolektiboak ere bere egin ditu oinarri horiek: «Jarrera oso markatua dauka, muga batzuk puskatu nahi izan dira... Kontzertu bat Piz&Lohien izenean antolatzen denean gauza asko esanak daude eta kolektiboaz hitz egiterakoan ere halaxe izanen da». Argi dute zein den beraien apustua: «Bertako taldeak bultzatu nahi ditugu, saiatuko gara emakumeei oholtzan presentzia ematen... eta plaza berriak lortu eta proiektu berriei ateak irekitzen».
Auzolana
Auzolana da proiektuaren oinarria: «Musikak elkartzen gaitu. Deusen truke, ilusioagatik, ari da jendea lanean. Horregatik bakarrik da posible». Mundura begira antolatuta egoteak ere «babesa eman eta nolabaiteko mundutxo bat sortzen» duela uste du Leitzak: «beti da beharrezkoa, baina hasierako urteetan ezinbestekoa dela uste dut. Zenbat proiektu gelditu dira bidean beharrezko baliabiderik ez zutelako?». Kolektiboa baliabideak eskainiko dizkie musikariei, baina baita babesa ere: «Piz&Lohien funtzioa hori da, beharrezko baliabideak eskaintzea: izan daiteke anplifikadore bat uztea, baina baita zalantzak argitzen lagunduko dizun norbait ondoan izatea ere. Hutsetik hasi den norbaitentzat babes hori izatea ederra da».
«Kolektiboak baliabideak eskainiko dizkiei musikariei, baita babesa ere»
Eskualdeko agendan eragina
Egutegi bateratu bat sortzeko asmoa ere badute: «Sinergiak eragin eta musikari eta musika zaleen artean loturak sortzeko baliagarria izan daiteke». Sarea indartu eta eskaintza antolatu nahiko lukete, «adibidez, Donezteben kontzertu bat badago eta Leitzan ez badugu egun horretan ezer antolatzen, baliteke Leitzaldetik jendea Malerrekara joatea. Hori bultzatu nahiko genuke». Antolaketarako ere baliagarria izanen da sare hori: «Kolektiboaren barrenean inguru guztietako jendea dago eta horrek batean eta bestean kontaktuak izatea ahalbidetzen du. Sare hori baliatuta antolatu baditzakegu toki bakoitzean kontzertu pare bat, hori gehiago irabaziko genuke».
Zabalkundea
Kontzertuak soilik ez, musika talde hauen zabalkunderako bestelako bitartekoak ere erabiliko dituzte: «Gure lema bada 'zuk zerorrek egin' eta horregatik, guretzat eskola ere bada proiektu hau». Bakoitzak beretik ematen du: «bideogintza, grabazioa, diseinua, zaintza... horretan aritzeko afizioa dugunoi saltsan aritzeko eta ikasteko aukera ematen digu». Auzolanean eta autogestioan, hainbat bide landu dituzte: «Orain arte irratsaio bat egin izan dugu Piz&Lohi jaialdiaren aurretik eta gure asmoa da hemendik aurrera urtaroka zerbait antolatzea. Horretaz gain, Fanzine bat ere kaleratu dugu». Ez hori bakarrik, grabazio lanak errazteko «Piz&Lohi sessions izeneko grabazioak» ere egin dituzte, «Matxarda taldearen hiru abesti grabatu ditugu, zuzenean jotzen ari direla. Erreminta baliagarria da guretzat, erraz grabatzeko modu bat eskaintzen digu, sinplea eta merkea eta taldeei ikusgarritasuna ematen die».
Lehenbiziko proiektuak hasi dira argia ikusten: «Leitzako Lenbailen musika taldea izan da Piz&Lohien laguntza izan duen taldeetako bat. 2024an sortu zuten taldea eta urte bat pasa baino lehen Piz&Lohi Pest jaialdian jotzen ari ziren eta lehenbiziko maketa dagoeneko grabatu dute».
Jendeari erraztasunak ematen segi nahi dute, musikaren bideak urratzen segitzeko. Zubietako estalpean jotako akorde horien oihartzuna, inguruko herri guztietara ailegatu dadin.