Nafarroako Foru Komunitateko XXI. Erremonte txapelketako lehen jardunaldia jokatuko dute gaur Elizondon

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 24a

Elkarrekin San Fermin torneoa irabazi berritan, gaur, Elizondon, arerio izatea suertatu zaie Eloy Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarrei.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Profesionaleko XXI. Txapelketa aurkeztu zuten asteartean Elgorriagan eta uztailaren 24an jokatuko dute lehen jardunaldia Elizondon. Ortziralean 18:00etan hasiko da jaialdia Juanjo Atxa pilotalekuan.

Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira

Txapelketako partidan, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano, Jon Sagaseta iruritarraren eta David Mitxeo doneztebarraren kontra ariko dira. Beraz, berriki elkarrekin San Fermin Torneoa irabazi duten Otxandorena eta Mitxeo arerio izanen dira oraingoan. Aurrelari doneztebarrak Otano izanen du bizkartzain eta Doneztebeko atzelariak Jon Sagaseta iruritarra izanen du lagun aitzineko koadroetan. Jaialdiko lehen partidan Malerrekako lau erremontista izanen dira aurrez aurre: Koteto Ezkurra III.a doneztebarra eta Markel Leatxe donamariarra, debuta egin berri duen Zorion Zelaieta eta Xuban Ilarregi oiztarren kontra.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatzen dituen jaialdi gehienak bezala, hauek ere ADANO elkartearen aldekoak izanen dira. 22 urtez goitikoek hamar euroko sarrera-dohaintza egin beharko dute eta 16 eta 22 urte artekoek bortz eurokoa. Txapelketako hiru jaialdietarako abonua ere eskura daiteke, hogei eurotan 22 urtez goitikoek eta hamar eurotan 16 eta 22 urte artekoek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun