Udalerri euskaldunetan kultur ekitaldiak eta gainerakoak programatzeko hizkuntza irizpideak gida batean bildu ditu UEMAk

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 23a

​Udalerri euskaldunen izaera eta errealitate soziolinguistikoa ezinbestean islatu behar da udalak antolatutako, diruz lagundutako eta baimendutako ekitaldietan. Horretarako, kultur programaziorako hizkuntza irizpideak landu eta gida batean bildu ditu UEMAk.

Izan ere, hizkuntza baten transmisioa, egunerokotasuna eta biziraupena bermatzeko funtsezko euskarria da kultura. Kulturak iruditeria kolektiboa eta identitate partekatua eraikitzen ditu, eta berebiziko eragina du belaunaldi berrien hizkuntza ohituretan, bereziki ahozkotasuna eta jariotasuna lantzeko orduan. Horregatik, udalak ardura handia du ekitaldiak programatzerakoan, eta horretan bidelagun izateko asmoz landu du UEMAk gida hau. Ekainean helarazi zuen UEMAko kide diren 120 udaletara, bertako udal arduradunek eta teknikariek kontuan har dezaten.

 

Euskaraz programatzeko gida ere bai

Kultur programaziorako hizkuntza irizpideak biltzen dituen gidak 14 orrialde ditu, eta testu soil gisa biltzen ditu irizpideak eta gainerakoak. Horren osagarri, berriz, beste dokumentu bat ere prestatu du UEMAk udalentzat: Euskaraz programatzeko gida. Bigarren horrek, testu soila baztertuta, hizkuntza irizpideak eta gainerakoak labur, zehatz eta modu ikusgarrian erakusten ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun