Elgorriagan aurkeztu eta Elizondon abiatuko da Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Txapelketa ortzirale honetan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 22a

Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Txapelketaren aurkezpena astearte arratsaldean egin zuten Elgorriagako bainuetxean eta lehen jardunaldia Elizondon jokatuko dute ortziralean.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erremonte Profesionaleko XXI. Txapelketaren aurkezpena egin zuten uztailaren 21ean, astearte arratsaldean, Elgorriagako bainuetxean. Bortz bikote lehiatuko dira eta uztailaren 24an hasiko da txapelketa Elizondon. Hamalau herritan erremontea ikusteko aukera izanen dute eta finala urriaren 3an jokatuko dute Zubirin

Bortz bikoteak

Hauek dira txapelketan parte hartuko duten bikoteak: Zeberio II.a eta Ion, Xanti Uterga doneztebarra eta Agirrezabala, Eloy Otxandorena doneztebarra eta Otano, Matxin III.a eta Barricart eta Jon Sagaseta iruritarra eta David Mitxeo doneztebarra.

Aipatu bezala, final laurdenetako ligaxka Elizondon abiatuko da ortzirale honetan, uztailaren 24an. Ondotik, abuztuaren 8an Tafallan, abuztuaren 10ean Agoitzen, abuztuaren 16an Santakaran, abuztuaren 16an Sartagudan, abuztuaren 22an Hendaian (bi partida), abuztuaren 23an Aurizberrin, abuztuaren 29an Los Arcosen eta irailaren 9an Irunberrin jokatuko dituzte partidak.

Lau lehenbizikoak finalerdietan eta finala urriaren 3an Zubirin

Segidan, lau lehenbiziko bikoteek finalerdiak jokatuko dituzte eta bosgarren sailkatua txapelketatik kanpo geldituko da. Ligaxkako lehenbizikoaren eta laugarrenaren arteko finalerdietako partidan irailaren 12an Monteagudon eta irailaren 19an Andosillan jokatuko dituzte eta ligaxkako bigarrenaren eta hirugarrenaren artekoak, berriz, irailaren 13an Vianan eta irailaren 27an Zangozan. Finala, azkenik, urriaren 3an jokatuko dute Zubiriko Esteribar kiroldegiko pilotalekuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun