Oriamendik antolatutako Jai Alai Summer Season txapelketak finalerako bigarren txartela jokoan izan zuten larunbatean Galarretan jokatutako azken jardunaldian. Aritz Juanenea saldiastarrak eta Aldabek lortu zuten, Segurolari eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarrari 2-1 irabazita, lehia estuaren ondotik (14-15, 15-13 eta 8-6). Ligaxka ixten zuen partidan, dagoeneko finalerako txartela segurtatua zuten Barrenetxea IV.ak eta Aritz Zubiri goizuetarrak 2-1 irabazi zieten dagoeneko aukerarik ez zuten Azpirozi eta Larrañagari (5-15, 15-12 eta 8-4).
Gauzak honela, partida guziak irabazita ligaxkako sailkapen buru izan diren Barrenetxea IV.ak eta Zubirik, Juanenearen eta Aldaberen kontra jokatuko dute uztailaren 25eko finala.