Bero boladak eta lehorte egoerak abeltzaintzan duen eraginaz aritu dira nekazariak eta Nafarroako Gobernuko agintariak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 16a

Nafarroako Gobernuko eta nekazarien sindikatuetako ordezkariak, bero boladaren eta lehorte egoeraren eragina aztertzeko egindako bileran.

Jose Mari Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria nekazaritza eta abeltzaintza erakundeekin bildu da uztailaren 16an, ortzegunean, uda honetan bero boladak eta lehorte egoerak larreetan eta, ondorioz, aziendak alhatzerakoan duen inpaktuari buruz hitz egiteko.

Ormuzko itsasarteko krisia eta plan estrategikoa ere izan dituzte hizpide ortzegunean Iruñean egindako bileran

Aierdi kontseilariarekin batera izan dira Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia den Ignacio Gil eta Landa Garapeneko zuzendari nagusia den Ruben Goñi. Aierdik UAGN, EHNE eta UCANeko ordezkariak deitu ditu abeltzaintzak eta, zehatzago, nekazaritza estentsiboko ustiategiek, bizi duten egoera dela-eta, sektoreak dituen kezkak kontrastatzeko eta ezagutzeko.

Bero boladaren ondorioz larreak hagitz lehor daude, eta, beraz, zailtasunak daude estentsiboan ari diren ustiategientzat. Departamentuak eta nekazaritzako erakundeek erabaki dute lehendik ere zailtasunak dituen sektore batean egoera horrek izan dezakeen inpaktu ekonomikoaren jarraipena eta kuantifikazioa egitea, nahiz ekoerregimenak malgutzeko edo galeren gaineko laguntzak emateko neurriak aztertzea, Nafarroako Gobernuak horiek konpentsatzeko aktiba baititzake.

Irango krisia eta plan estrategikoa

Kontseilariak eta nekazaritza sektoreko ordezkariek bilera aprobetxatu dute Nafarroako Gobernua (INTIA sozietate publikoaren kalkulu teknikoen bidez) eta sektoreko erakundeak, Ekialde Ertaineko krisia dela eta, lehengaien prezioen eta hornidura arazoen (batez ere ongarriak eta erregaia) bilakaera eta gorabeheren inguruan egiten ari diren segimendua errepasatzeko.

Azkenik, nekazaritzako erakundeek eta Landa Garapeneko Departamentuko taldeek Nafarroako lehen sektorerako Plan Estrategikoa egiteko Nafarroako Gobernuaren eta sektoreko eragile guztien artean burutuko dituzten lehen urratsak aztertu dituzte. Plana idazteko lanak esleitu berri dituzte, eta parte hartzeko lehen saioak abuztuaren bukaera aldera egiten hasiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun