Azken erremonte ortzeguna izanen dute Galarretan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 15a

Galarretako harmailetan biltzen diren erremontezaleek horretarako azken ortzeguna izanen dute.

Ortzegun honetan, uztailaren 16an, 16:30etik aitzinera, Hernaniko Galarreta pilotalekuak jardunaldi berezia biziko du. Jai Alai Summer Season txapelketaren bigarren hitzorduak Galarretaren historian errotuta dagoen tradizio bat berreskuratzeko aukera emanen du egun batez: erremontearen ortzegunak.

Jai Alai Summer Season txapelketako bi partida eta Oriamendi Erremonte Txapelketako bertze bat jokatuko dituzte

Hamarkada luzez, ortzegunak eta larunbatak egun bereziak izan ziren Galarretan. Belaunaldiz belaunaldi, zaleak pilotalekuan elkartzen ziren erremonteaz gozatzeko, eta pilotaren hotsak bizia ematen zien Galarretako hormei. Urteen poderioz, ordea, ortzegunetako jaialdien tradizio hura desagertu egin zen.

Ortzegun honetan itzuliko da. Eta kasu honetan, azken aldiz.

2026a Oriamendi 2010 enpresak erremonte profesionalaren kudeaketaren ardura izanen duen azken urtea izanen da, eta, horregatik, uztailaren 16ak hitzez azaltzen zaila den erranahia du, «gure jardunaren barruan azken aldiz, erremontearen pilotaren hotsa ostegunez entzungo da berriro Galarretan», adierazi du Oriamendik.

Jardunaldiak, gainera, Jai Alai Summer Seasonen erakargarritasuna izanen du, erremontistak ohikoak ez dituzten postuetan lehiatuko baitira. Hiru partida jokatuko dituzte.

Jaialdia hasteko, Oriamendi Erremonte Txapelketako partidan, Aiestaran VII.a eta Ugarte II.a, Susperregiren eta Goikoetxea V.aren kontra ariko dira. Segidan, Jai-Alai Summer Season txapelketako bi partida jokatuko dituzte eta bietan izanen dira eskualdeko erremontistak. Lehenik, Segurola eta Josetxo Ezkurra II.a doneztebarra, Azpirozen eta Larrañagaren kontra ariko dira eta, gero, Aritz Juanenea saldiastarra eta Aldabe, Barrenetxea IV.aren eta Aritz Zubiri goizuetarraren kontra.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun