Barrokal-Mendiburuk Adosen San Fermin Torneoko binakako txapela jantzi dute Labriten

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 13a

Ados pilota elkartearen San Fermin txapelketako txapeldun eta txapeldunordeak, antolatzaile, laguntzaile eta pilotari gaztetxoekin batera.

San Fermin Torneoak amaiera bikaina izan zuen uztailaren 10ean Iruñeko Labrit pilotalekuan, binakako final handiarekin. Jaialdia giro ederrean jokatu zen, eta zaleek emakumeen pilota profesionalaz gozatzeko aukera izan zuten berriro ere San Fermin testuinguruan.

Nagusitasunez irabazi zuten finala, Oskoz-Orbegozo bikoteari 22-8 gailenduta

Lehen partidan, Iturriaga leitzarra eta Agirre eta Aranburu-Arrastia bikoteak aritu ziren aurrez aurre. Txapela jokoan ez bazegoen ere, partida polita eskaini zuten, pilota ongi mugituz eta tanto ikusgarriak utziz. Norgehiagokak giroa berotzeko balio izan zuen final handiaren aurretik.

Finalean, Barrokal eta Mendiburu nagusi

Ondoren iritsi da San Fermin Torneoko binakako finala. Oskoz-Orbegozo eta Barrokal-Mendiburu bikoteak izan ziren aurrez aurre, baina finalak hasieratik izan zuen norabide argia. Barrokal-Mendiburuk sendo ekin zioten partidari, erritmoa ezarri zuten eta markagailuan azkar hartu zuten aldea.

Oskoz-Orbegozo saiatu ziren partidaren dinamika aldatzen, baina ez zuten lortu aurkarien nagusitasuna haustea. Barrokal-Mendiburuk partida serioa jokatu zuten: indartsu kantxan, ondo kokatuta eta tantoak pazientziaz landuz. Aukera izan zuten bakoitzean eraginkortasunez amaitu zuten, eta finala hasieratik euren eremura eramatea lortu zuten. 

Azkenean, 22-8 nagusitu ziren Barrokal-Mendiburu, eta San Fermin Torneoko binakako txapela jantzi zuten Labriten. Garaipenak bikotearen sendotasuna eta txapelketan zehar erakutsitako maila berretsi zituen.

Mendiburu eta Barrokal txapeldun.

Sari banaketan izan ziren Maider Beloki, Iruñeko Udaleko zinegotzia; Itsaso Soto, Nafarroako Gobernuko ordezkari gisa; eta Rafa Gorria, Iruñeko peñen ordezkari gisa.

Ados Pilotak eskerrak eman nahi dizkie Labritera joan diren zaleei, parte hartu duten pilotari guztiei, Iruñeko peñei, babesleei eta, bereziki, Iruñeko Udalari eta Reyno Gourmeti, San Fermin Torneoa posible egiteagatik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun