Uztailaren 19ra bitarte Sara arteko ibilbidea osatuko du, Oiartzundik eta gero Urruñatik igarota
Udalekuetan 2011-2012 urteetan jaiotako gaztetxoek izen ematen ahal zuten. Arrakasta handia izan du jarduera honek berriz ere, eta 140tik goiti izen emate izan dira. Plaza kopuru mugatua izaki, bakarrik 40 gaztek parte hartuko dute, horietatik 10 bortziritarrak. Gazteekin batera lau hezitzaile ere izanen dira udalekuan, horietako bat eskualdekoa.
Jarduera honen xede nagusia muga administratiboak gainditzea da, eta helburu zehatzak honakoak dira:
- Iparraldeko eta hegoaldeko gazteen arteko harremanak eraiki eta sendotzea.
- Euskara eta euskalkiak ezagutu eta praktikatzea.
- Parte hartzea bultzatzea.
- Euskal Herriko hainbat txoko ezagutzea natura, kultura eta kirola ardatz hartuaz.
Putzubeltzan bazkaldu eta arratsaldean herri kirol tailerra eta arnasguneei buruzko tailerra
Lehen egunean, Arantzako Herriko Plazan gazteei eta familiei harrera egin ondotik, Putzubeltzera abiatu dira oinez, bertan bazkaldu, bainutxoa hartu eta bueltan etortzeko. Arratsaldean herri kirol jokoak izanen dituzte, Gaia elkartearen eskutik. Ondotik, afaldu aitzinetik, arnasguneei buruzko tailer bat izanen dute UEMAko teknikari Irati Odriozolaren eskutik. Eskolako jangelan afalduko dute, eta, gaubelaren ondotik, frontoian lo eginen dute.
Asteartean, goizean goiz eskolan bertan gosaldu, eta oinez abiatuko dira Arantzatik Eskasera, handik Arditturrira autobusez jaisteko. Asteartea eta asteazkena Oiartzunen emanen dituzte, ortzeguna eta ortziralea Urruñan, eta azken bi egunak Saran. Igande eguerdian bat eginen dute gazteen beren familiekin, leizeak ikusi ondotik.
Udalekuaren antolatzailea Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea da eta honako erakundeon babesa dauka: Bortzirietako Zerbitzuen Mankomunitatea, Oiartzungo Udala, Sarako Herriko Etxea, Urruñako Herriko Etxea. Euroeskualdeak diruz lagundutako jarduera da.