Larunbatean Labriten jokatutako finalean 22-8 irabazi zieten Arrizabalagari eta Nahia Bertiz sunbildarrari
Bertze aldean, lehen final handia jokatu duen Nahia Bertizi, ordea, kosta egin zaio jendez eta zarataz lepo zen kantxan bere lekua topatzea eta Zabaletak saketik egin zion minak (denera 6 tanto egin zizkion lehen pilotakadarekin) erabat atera zuen gozatzekoa behar zuen egun handitik. Joko sasoi ederrean den Olatz Arrizabalaga saiatu zen, handik eta hemendik jokoan sartuta, partida aurreko koadroetan nahasten, baina ale ederrak utzi zituen arren, ezinezkoa suertatu zitzaion parean izan duen horma eraistea. Finalera arte jokatutako partida guztiak irabazita, txapelketa bikaina osatu dute gernikarrak eta sunbildarrak, baina finalean bikote oso handi bat izan zuten parean. Finalerdietan, Donezteben, Etxegarai-Gaminde kanporatzeko partida handia jokatu bazuten, Zabaleta-Erasunek larunbatean oraindik bikote sendoagoa osatu zuten, txapela merezimendu osoz errepikatzeko.
Erasunek apenas galdu zituen bi pilota final osoan eta, partida oso bideratua zuela lehen erdian baino askoz arrisku gehiago hartuta, azkenerako Goiuri Zabaletak ere tanto mordoxka bat amaitu zituen bukaerarako (12), Leitzatik gerturatu den jende piloaren gozamenerako. Gustura egoteko moduan dira leitzarrak, aurreko astean gizonezkoek laugarrenez lortu bazuten Nafarroako Herriartekoa, emakumezkoetan ere, «etxeko» txapelik preziatuena ere eraman zuten.
Finala amaituta, irabazle eta galtzaileek Iruñeko sanferminetan gozatzeko modua izan zuten, Emakume Master Cup zirkuituan lehiatzen diren pilotariek ohitura baitute San Fermin Torneoko finalaren egunean elkarrekin bazkaldu eta besta egiteko. Ederki merezia dute.