Bertiz edo Zabaleta: San Fermin torneoko txapela eskualdera etorriko da

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 10a

Norgehiagoka ETBn emanen dute zuzenean.

Uztailaren 11n, larunbatean, eguerdiko hamabietan jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan Emakume Master Cupeko San Fermin torneoko finala. Gorri ala urdin, txapela eskualdera etorriko da. Nahia Bertiz sunbildarra eta Arrizabalaga, Goiuri Zabaleta leitzarraren eta Erasunen kontra ariko dira.

Lehen mailako osagaiak, hutsik egiten ez duen sanferminetako giro brezia eta gaur egun programatu daitekeen emakumezkoen pilota jaialdirik onenetako batekin bor-bor eginen du larunbat eguerdian Labrit pilotalekuak.

Pasa den urteko txapela berriz ere buru gainean izateko gogoz aterako da kantxara Goiuri Zabaleta leitzarra. Itsaso Erasunekin osatuko du bikotea eta adituen ustez, «gainditzeko oso zaila den bikoa» osatzen dute nafarrak eta gipuzkoarrak. Eskuetako arazoak gaindituta, Goiuri Zabaleta kantxan gozatzen ari da berriro, eta Leitzakoa frontoian zoriontsu denean, «kantxa batean ikusteko pilotari politenetako bat da, leitzar eskolako joko motz berezi horrekin». Itsaso Erasun izanen du aldamenean eta badirudi Gipuzkoako atzelariak erabaki duela 2026 hau bere egonkortze urtea izanen dela.

Aurkariek ez dizkiete gauzak erraz jarriko. Nahia Bertiz sunbildarrak lehen aldietako ilusioa eta freskotasuna eramanen ditu Labritera. Lehen mailako pilotari gisa jokatu duen lehen denboraldi honetan, Bertiz erabateko bermea ematen duen atzelari gisa sendotu da, jokoan aurrerapauso handia emanda.  Olatz Arrizabala ere aspaldiko sasoirik onenean dago eta ez da ahaztu behar, binakako txapela bost aldiz irabazi duen pilotaria sasoi betean denean, ia geldiezina dela. 

Norgehiagoka zuzenean ETBn ikusteko aukera izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun