Orain dela asteburu gutxi, Hego Euskal Herriko ezkontza batean parte hartzea egokitu zitzaidan. Eremua, esan liteke nahiko euskalduna zela. Ezkongaiak ere, biak hala biak esan genezake euskaldun peto-petoak zirela. Batek, gainera, lana zeharo euskaraz egiten omen du.
Gauzak horrela, benetako ezkontza ofiziala, bezperan egin omen zuten, herriko udaletxean, eta, han, ez dakit zer hizkuntza erabiliko zuten, baina jende aurreko ezkontza egunean behinik behin, zeremonia gehiena erdaraz izan zen. Euskaraz gauza ahul batzuk baino ez zituzten egin, zoritxarrez; gainerako guztiak, espainiera garbian, normaltasun guztiarekin.
Txaranga bat ere aritu zen jotzen kalean, eta, esan liteke, haren jarduna nahiko orekatua izan zela euskarari dagokionez, alegia, euskarazko piezak ugariak izan zirela.
Bazkalondoan, ordea, iritsi zen, nire ustez, erabateko desoreka, musikari dagokionez, hau da, abesti asko eta asko espainieraz jarri baitzuten —oso ozen, bide batez esanda—, beste asko ingelesez, eta, azkenik, gutxieneko bat euskaraz; ez dakit %10era iritsiko ote zen, baina desoreka behintzat oso nabarmena izan zen.
Espainierazko abesti haietako asko, orain dela 4 edo 5 hamarkadakoak ziren, eta, haien hitz ugari nahiko zatarrak, gainera. Askotan ematen zuen lasai-lasai Madrilen edo antzeko beste lekuren batean egon ahal ginela, baina jendeak, antza denez, patxadaz eta gustura ziharduen.
Niri harrigarria gertatzen zait ikustea, nola jende euskaldun askok parte har dezakeen horren patxadatsu, halako erdalkeria itsaso horren barruan, inolako goragalerik pairatu gabe.
Zoritxarrez, nik uste dut gero eta argiago dagoela, Hego Euskal Herria gero eta espainiartuagoa dagoela, eta, era berean, Ipar Euskal Herria ere gero eta frantsestuagoa, baina, hala eta guztiz ere, ematen du, hemen, nire antzeko “arraro” batzuk baino ez garela kezkatzen.
Xanti Begiristain Madotz
Auritz, 2026-07-09