Osasun aholkuak

Norbere burua zaintzeko aholkuak eman ditu Lesakako Osasun Zentroak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 12a

Helduaroan osasun hobea izateko hamabi aholku zerrendatu ditu Lesakako Osasun Zentroak. 

Helduaroan osasun hobea izateko aholkuak
  1. Zaindu zaitez: «Zure gorputza, zure burua, zure emozioak eta zure bizitza» zaintzearen garrantzia nabarmendu du: «Lan egin, zure eta etxekoen eta lagunen gizartea ingurua osasuntsuak izan daitezen». Horrekin batera, «osasun hobea izateko eskura dituzun zerbitzuak erabiltzeko» aholkatu du.
  2. Denetarik jan, gauza garbiak: «Egunean bortz otordu» egiteko adierazi du, eta «denetarik jateko»: «Fruta eta barazki aunitz, animalia gantza gutti eta gatza ere gutti. Jakiak frijitu baino hobe duzu plantxan erre, egosi edo lurrenean prestatzea». 
  3. Mugi zaitez: «Ahalegin dezente eskatzen dizun gorputz ariketa egin 30 minutuz. Hamar minutuko hiru saio izan daitezke. Egunero edo ia egunero». Hori ere aholkatu du. «Saia zaitez gehiago mugitzen».
  4. Zure balantza orekatu: «Zure pisu egokia» zein den jakitearen garrantziaz ere aritu da: «Gorputz-masaren indizeak (pisua/altuera2) 20 eta 25 artean izan behar du». Horretarako «garbi jan eta mugitu». Horixe izan da nabarmendu duena. Eta gehiago ere bai: «Estimatu zure gorputza moda kontuan hartu gabe».
  5. Kea alde batera utzi: «Inoiz ez da berandu erretzeari uzteko». Hori ere aipatu du gomendioen zerrendan. Horrez gain, «bertzeen aitzinean ez erretzeko» eskatu du, «batez ere, tartean umeren bat baldin baduzu». Kerik gabeko tokietan egoteko eta «ez etxean, ez autoan, ez erretzeko» adierazi du.
  6. Zentzuz jokatu: Alkoholaz ere aritu da, «neurrian edateko» eskatuz, eta «sekula ez, gidatu behar baduzu». Gehiago ere bai: «Droga guziak garesti ateratzen dira gerora». Seme-alabekin drogen inguruan mintzatzeko ere gaineratu du.
  7. Buruko osasuna zaindu: «Maitasunez eta umorez begiratu zeure buruari. Ez izan gogorregia zeure buruarekin. Kontra egin zailtasunei: gaixotasunak, bereizketak, lanaldi bikoitza, edo hirukoitza... Behar izanez gero, profesionalen laguntza eskatu».
  8. Zure bizitza eraiki: «Etxe barreneko eta kanpoko lana, aisialdia, harremanak... orekatzeko» mezua bidali du: «Hartu astia zuretzat, gozatzeko eta deskantsatzeko».
  9. Ez utzi lekurik estresari: Gai horren harira «zama gehiegi ez hartzeko, eta ezetz erraten ikasteko» nabarmendu du: «bizi presarik gabe, kezka handiegirik gabe... Konpentsatzeko, jarduera atseginak eta lasaiak egin gorputz ariketa, erlaxazioa...». Eta gehiago ere bai: «Bakarrik ez gelditu». 
  10. Maitatu eta utzi zu maitatzen: Harremanak «egin eta zaintzeaz» ere mintzatu dira, «aberasgarriak» direlako: «lagunak, familia, bikotekidea... Aditu, kontatu, komunikatu. Maite dituzunak euskarri izan daitezela zuretzat; izan zu haien euskarri».
  11. Zeure burua babestu: Segurtasuna ere hartu du hizpide: «izan segurtasuna autoan, motorrean, bizikletan, etxean, lantokian, eguzkitik babestu, bizkarra zaindu eta preserbatiboak erabili praktika arriskutsurik baldin baduzu».
  12. Hobe da prebenitzea: Txertoak paratzearen onurez ere aritu da, eta prebentzio kontroletara joateko aholkatu du: «Ezagutu zure gorputza eta zure familiaren osasun herentzia. Hasi zaintzen oroimena, ikusmena eta entzumena». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun