Ekaineko hilabetea ongi borobildu dute Arkupeak elkartekoek eta uztailean gehiagorekin datoz

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 8a

53 lagun bildu dira Ezkabako Ihesaldiaren laugarren etapa ibiltzeko.

Ekainaren 18an delegatuen bilera egin zuten eta ekainaren 26an Ezkabako Ihesaldiaren laugarren etaparekin borobildu zuten urrian hasitako mendi martxa, horrez gain, hilaren 23an aitatxi-amatxien eguna ospatuko dutela aitzindu dute.

Argazkia eta testuak: Tere Arretxea eta Kontxi Agerre.

Ekainaren 18an egin zuten urteko lehen seihilekoari dagokion delegatu bilera. Bilera horretan, abendutik maiatzera bitarte egin diren Juntako bileren eta hartutako erabakien berri eman zuten. Aitzinetik aurkeztua zen behin-behineko bidaia prozedurari zenbait zehaztapen gehituz, behin betiko onarpena eman zitzaion.

2025eko kontuen berri ere eman zen. 2025eko diru sarrerak eta irteerak ohikoak izan dira, baina aipamen berezia eginez: bildutako dirulaguntzak murritzagoak izan dira. Nafarroako Gobernuak ematen duen kantitatea ez da handitu, eta, eskaera egiten duten taldeek aktibitate gehiago antolatzen dituztenez, guttiago kobratu da. Delegatuei egiten duten lanagatik eskerrak eman eta, akitzeko, hamaiketakoa eta delegatuen hurrengo bilera egiteko gelditu ziren.

Delegatuen bilera egin zuten egunekoa. Argazkia: utzitakoa.

Hortik astebetera, hitzordua berriz ere markatua zuten, oraingoan, mendi eta pago artean. Ezkabako Ihesaldia oroituz egin duten mendi martxa lau etapatan antolatua zegoen eta, azken etapa, ekainaren 26an osatu zuten. Azken horretan 53 mendizale elkartu ziren Urepelen. Auto batzuk han utzi eta bertze batzuetan Sorogainera joan ziren, gero Urepeleraino bueltan oinez abiatzeko.

Eguraldi beroa izan zuten, 36 gradu, baina pagadietan barna errazago egin zitzaien. Helmugaraino 9,8 kilometroko ibilbidea osatu zuten. Bazkaltzera Erratzuko kanpinera etorri ziren eta, umore ederreran, Xalbadorren Heriotza kantatuz egin zuten despedida. Laugarren etapa horrekin, hasmentatik burutan zuten Ezkabako Ihesaldiaren mendi ibilaldi osoa akitutzat eman dute.

Ibilaldi osoaren errepasoa

Urriaren 16ko lehen etapa 36 lagunek egin zuten, Ezkaba eta Olabe artekoa. Bigarren etapa azaroaren 4an osatu zuten, Olaben hasi eta Saigoitzen akitzeko. 40 lagun animatu ziren bigarren hura egitera. Udaberrian, behin negua igarota, hirugarren etaparekin eman zioten segida mendi martxari, eta hirugarren horretan Sagoitzetik abiatu eta Sorogain artekoa, 46 mendizalek osatu zuten. Eta ibilaldi bakoitza behar bezala osatzeko, zer hobe elkarrekin bazkaltzea baino.

Aitatxi-amatxien eguna Aralarren

Are gehiago, uztailerako ere ekitaldiak prestatuak dituzte, bertzeak bertze, 300 bat bazkidek hilaren 23an aitatxi-amatxien eguna eginen dute Aralarren: 12:00etan meza eta ondotik bazkaria Iruñeko Uslaer jatetxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun