[ARGAZKIAK] Leitza eta Bera nagusitu dira Nafarroako Herriarteko Txapelketan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 6a

Pronostikoak bete eta Leitza eta Bera dira Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako txapeldun, uztailaren 4an Labriten jokatutako final nagusian Esteribarri (2-1) eta final ttikian Lesakari (2-1) irabazi ondotik, hurrenez hurren. 

Uztailaren 4an Labriten jokatutako finaletan leitzarrek 2-1 irabazi zieten Esteribarri txapelketa nagusian eta Berakoek ere 2-1 Lesakari txapelketa ttikian, hurrenez hurren

Larunbat arratsaldean jokatu zen txapelketa nagusiko finaleko lehen partida galdu egin zuen Leitzak. Kadete mailan, Leitzako Hodei Sagastibeltzak eta Aiur Ugartemendiak 15 eta 22 galdu zuten Esteribarko Mikel Villanuevaren eta Sergio Santestebanen kontra.

Jubeniletan, aldiz, ez zuten hutsik egin Leitzako Julen Baleztenak eta Aimar Zubillagak eta 22-6 irabazi zieten Esteribarko Unai Esaini eta Aitor Azkuneri, finala berdintzeko.

Seniorren partidan zegoen, beraz, txapela jokoan eta Leitzako Hegoi Txoperenak eta Eñaut Goikoetxeak 22-10 irabazi zieten Esteribarko Koldo Gili eta Javier Murillori.

Sari banaketan izan ziren Andrea Lusarreta eta Fernando Goñi, Nafarroako Pilota Federazioko lehendakaria eta lehendakari ordea, baita Leitzako eta Esteribarko alkateak, Caixabankeko ordezkaria, Juan Martinez de Irujo eta Arturo Arbizu pilotari ohiak eta Dabid Anaut eta Guillermo Larraioz, Leitzako eta Esteribarko alkateak.

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako lehen edizioko finalean izan zen Leitza 1970. urtean, orduan Altsasuren kontra eta, geroztik, hamar aldiz izan da finalean (1970, 1971, 1972, 1973, 1981, 2007, 2009, 2023ko finalera sailkatu zen, baina ez zen jokatu, 2025 eta, orain, 2026). 1972an, 1973an eta 2007an ere txapeldun izan zen eta 2026koarekin, laugarren txapela jantzi du.



Final ttikian Bera nagusitu zaio Lesakari

Final nagusia baino lehen, larunbat goizean, final ttikia jokatu zen, Bortzieietako derbiarekin eta hemen ere pronostikoak bete eta Berak irabazi zion Lesalari.

Benjaminetan, Berako Juel Igoak eta Unai Mikelperizenak 18-8 irabazi zieten Lesakako Oihan Irurietari eta Kemen Telletxeari.

Alebinetan, aldiz, Lesakako Ainara Hitak eta Amets Irurietak 18-12 irabazi zieten Berako Gexan Lizardiri eta Unai Kortari. Aipatzekoa da Ainara Hita, 11 urterekin, izan dela Herriarteko pilota txapelketaren finala jokatu duen lehen neska.

Kontuak kontu, herriarteko ttikian ere azken partidan erabaki zen txapela eta infantiletan, Berako Erik Igoak eta Eñaut Zubietak, 0-2 galtzen hasi arren, 18-2 irabazi zieten Lesakako Jon Madariagari eta Oihan Muñoari.

Hemen ere, sari banaketan, Nafarroako Pilota Federazioko buruak, Caixabankeko ordezkaria eta Aitor Elexpuru eta Ladis Satrustegi, Berako eta Lesakako alkateak izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun