Uztailaren 8tik 14ra, egunero eguerdian izanen dute herri kirol zaleek hitzordua Foruen Plazan
Uztailaren 8an gizonezkoen bikotetako aizkolari txapelketa jokatuko dute. Iker Vicenterekin ariko den Jon Rekondo leitzarra izanen da eskualdeko aizkolari bakarra eta Ibai Soroa-Julen Kañamares eta Oier Kañamares-Txomin Amundarain izanen dituzte arerio. Gizonezkoen gurdi altxatze txapelketan Unai Bertiz sunbildarra eta Albaro Zugarrondo ariko dira eta lasto altxatze erakustaldia eginen dute Garbiñe Lopez de Uraldek eta Sara Asenjok.
Uztailaren 9an emakumezkoen aizkolari txapelketa jokatuko dute. Nerea Sorondo beratarra eta Maika Ariztegi iturendarra izanen dira eskualdeko ordezkariak eta Uxue Ansorregi ere ariko da. Gizonezkoen lasto altxatze txapelketan Iñigo Goienetxe, Lander Landiribar eta Igor Goienetxe amaiurtarrak ariko dira eta gizon nahiz emakumeen txinga txapelketak (eskualdekorik gabe) jokatuko dituzte.
Uztailaren 10ean kadete mailako arpana txapelketa jokatuko dute. Basaburuko hiru bikote (Eñaut Oteiza-Aimar Bikondo, Aimar Agesta-Junes Alzuri eta Adei Usandizaga-Sustrai Lakosta) eta Antsoaingo bi ariko dira. Proba konbinatu erakustaldiak ere eginen dituzte, kimu, haur eta kadete mailetan.
Uztailaren 11n gizonezkoen arpana txapelketa jokatuko dute. Gizonezkoetan, Xabier Urrutia eta Daniel Saldias arraioztarrak ariko dira, Josetxo eta Iñaki Barberena eta Bastien eta Christophe Garat anaiekin batera. Emakumeen arpana txapelketan Leire Arraztoa eta Saioa Dendarieta iruritarrak ariko dira, Uxue Ansorregi-Aurkene Aroca eta Maddi Braco-June Etxeberria bikoteekin batera. Gizonezkoen harri altxatze txapelketan Josetxo Urrutia eta Unai Urkiola leitzarrak ariko dira, Alvaro Zugarrondo, Diego Iriarte, Alberto Maestre, Hodei Amezkua eta Alex Fernandezekin batera.
Uztailaren 12an hirugarren mailako aizkolari txapelketako kanporaketan Mikel Santesteban zubietarra, Xabier Mitxelena iruritarra eta Eñaut Korta eta Andoni Latorre beratarrak izanen dira eskualdeko ordezkariak. eta lehen aldiz eginen den emakumezkoen harri altxatze txapelketa (eskualdeko harri altxatzailerik gabe) jokatuko dituzte.
Uztailaren 13an San Fermin sokatira 4x4 torneo mistoa (Beti Gazte), giza proba torneoa eta erakustaldia (Unai Bertiz sunbildarra eta Joseba Sanchez leitzarra) eta emakumezkoen aizkora erakustaldia bikoteka (Nerea Sorondo beratarra eta Xanta Sousa lesakarra) eginen dituzte.
Uztailaren 14an, azkenik, ingude txapelketak (Josetxo Urrutia leitzarra eta Aleix Pedrosa beratarra, Xabier Altuna, Aitor Oiarbide eta Alex Fernandezekin batera gizonezkoetan eta hamabortz aldiz txapeldun izan den Maika Ariztegi iturendarra eta Leire Arraztoa iruritarra emakumezkoetan, Nerea Arguellesekin batera) jokatuko dituzte. Mikel Lasartek motozerra erakustaldia ere eskainiko du.