Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte uztailaren 4an Labriten

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 3a

Leitzako eta Esteribarko pilotariek jokatuko dute Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketa nagusiko finala larunbat arratsaldean Labriten.

Nafarroako 56. Herriarteko Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte uztailaren 4an Iruñeko Labrit pilotalekuan. Larunbatean, 10:00etan, final ttikia jokatuko dute Berak eta Lesakak eta 17:00etan, final handia Leitzak eta Esteribarrek.

 

Final ttikian, Bera faborito eta Lesaka sorpresa ematera

Final ttikian Bera izanen da faborito. 2022an, Nafarroako Herriarteko Txapelketa handian eta ttikian bereizten hasi zenetik, jokatutako bortz finaletan izan da Bera eta bitan txapeldun suertatu da, 2023an eta 2025ean. Beraz, gaur eguneko txapeldunak dira. Aitzinetik, 1979an txapeldun izan zen eta 1980an txapeldunorde. Lesakari dagokionez, 1980. eta 1990. hamarkadetan hiru finaletara ailegatu zen (1982, 1984 eta 1991), baina hiruak galdu zituen. Nafarroako herriarteko ttikian lehen aldiz izanen da finalean. Beratarrek Baztan eta lesakarrek Goizueta kanporatu zuten finalerdietan.

Berako pilotariak, herriarteko pilota txapelketako jardunaldi baten ondotik.

Goizuetaren kontrako finalerdia irabazi zuten Lesakako pilotariak.

 

Zuzen bidean, hauek izanen dira finalistak:

  • Benjaminak: Juel Igoa eta Unai Mikelperizena (Bera) – Oihan Irurieta eta Kemen Telletxea (Lesaka)
  • Alebinak: Gexan Lizardi eta Unai Korta (Bera) – Ainara Hita eta Amets Irurieta (Lesaka)
  • Infantilak: Erik Igoa eta Eñaut Zubieta (Bera) – Jon Madariaga eta Oihan Muñoa (Lesaka)

 

Final nagusian, Leitza laugarren txapelaren bila, hamargarren finalean

Final nagusian, berriz, Leitza izanen da faborito eta aurten sorpresa eman eta lehen aldiz finalean izanen den Esteribar, arerio. Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako lehen edizioko finalean izan zen Leitza 1970. urtean, orduan Altsasuren kontra eta, geroztik, hamar aldiz izan da finalean (1970, 1971, 1972, 1973, 1981, 2007, 2009, 2023ko finalera sailkatu zen, baina ez zen jokatu, 2025 eta, orain, 2026). 1972an, 1973an eta 2007an txapeldun izan zen.

Zuzen bidean, pilotari hauek jokatuko dute finala:

  • Kadeteak: Hodei Sagastibeltzaa eta Aiur Ugartemendia (Leitza) – Mikel Villanueva eta Sergio Santesteban (Esteribar)
  • Jubenilak: Julen Baleztena eta Aimar Zubillaga (Leitza) – Unai Esain eta Aitor Azkune (Esteribar)
  • Seniorrak: Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea (Leitza) – Koldo Gil eta Xhoe Lazkoz (Esteribar)

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun