San Fermin Erremonte Profesionaleko Txapelketa jokatuko dute Labriten uztailaren 8tik 10era

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 2a

San Fermin Txapelketan parte hartuko duten erremontista gehienak eta antolatzaileak, Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariekin batera.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak eta E•Remonte Iruña enpresak antolatutako San Fermin Erremonte Profesionaleko Txapelketa-Rural Kutxa Sari Nagusia jokatuko dute uztailaren 8tik 10era Iruñeko Labrit pilotalekuan, promozio eta lehen mailan. Nafarroako Gobernuko, Iruñeko Udaleko Nafarroako Pilota Federazioko eta erakunde antolatzaileetako eta laguntzaileetako ordezkariak izan ziren aurkezpenean, txapelketa jokatuko duten hainbat erremontistekin batera.

Promozio eta lehen mailan ariko dira E•Remonte Iruña enpresako hamasei erremontista

San Fermin Txapelketako jaialdi guztiak 17:30ean hasiko dira Labriten. Uztailaren 8an lehen finalerdiak jokatuko dituzte. Promozio mailan, Mikel Mikelarena eta Xuban Ilarregi oiztarrak, Zorion Zelaieta oiztarraren eta Markel Leatxe donamariarraren kontra ariko dira eta lehen mailan, Zeberio II.a eta Otano, Eloi Otxandorena eta David Mitxeo doneztebarren kontra. Uztailaren 9an jokatuko dituzte bigarren finalerdiak. Promozio mailan, Oses eta Agirrezabala, Jon Sagaseta iruritarraren eta Baztanen kontra eta lehen mailan, Xanti Uterga doneztebarra eta Barricart, Matxin III.aren eta Ionen kontra.

Finalerdietako irabazleek jokatuko dituzte bi finalak uztailaren 10ean.

Euskal Jai Erremonte Fundazioak antolatzen dituen jaialdi gehienak bezala, hauek ere ADANO elkartearen aldekoak izanen dira. 22 urtez goitikoek hamar euroko sarrera-dohaintza egin beharko dute eta 16 eta 22 urte artekoek bortz eurokoa. Txapelketako hiru jaialdietarako abonua ere eskura daiteke, hogei eurotan 22 urtez goitikoek eta hamar eurotan 16 eta 22 urte artekoek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun