«Jende aunitz sanferminak hasteko esperoan eta prestaketetan ibiliko da dagoeneko. Saharaztan elkarteko kideak, berriz, horiez gain, aurten etxean hartuko dituzten haurrak hartzeko prestatzen ari dira buru-belarri». Halaxe adierazi du Baztan-Bidasoko Saharar Herriaren Aldeko Elkartasun Taldeak. Izan ere, Oporrak Bakean programari esker, Saharako haur errefuxiatuak uztailaren 6an etorriko direla aurreikusi dute. «Traba administratiborik ez bada berderen, uztailaren 6an ailegatuko dira Tindufetik abiatu eta Iruñean lur hartuko duen hegazkin batean». Hala, «ikaragarrizko bero, idorte eta eskasia duten bizitoki batetik» Baztan-Bidasoaldeko zortzi herritara etorriko dira hamar haur: Erratzu, Ziga, Irurita, Narbarte, Igantzi, Sunbilla, Ituren eta Donamariara. Horiez gain, Saharako bertze haur bat Leitzara etorriko da.
Saharako haurrak Erratzura, Zigara, Iruritara, Narbartera, Igantzira, Sunbillara, Iturenera, Donamariara eta Leitzara etorriko dira.
Saharaztanek oroitarazi du, Oporrak Bakean programaren helburuak «oinarrizko osasun arreta, elikadura aberastea, aisildi osasungarria eta bertze hizkuntza eta kultura batean murgiltzeko aukerak eskaintzea» direla.
Bertzalde, Nafarroan programa hau kudeatzen duen ANAS elkartearen deialdiaren berri ere eman du Saharaztanek. Ekonomikoki lagundu nahi duenak ES93 3008 0001 1107 00365729 zenbakian edo Bizum bidez 626 50 24 95 telefonoan egiten ahal du.