Nafarroako Pilota Federazioak antolatutako Masters jaialdian ariko dira Oihan Canabal igantziarra eta Unax Apeztegia elizondoarra

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 1a

Oihan Canabal igantziarra eta Unax Apeztegia elizondoarra, elkarrekin jokatutako partida batean. Ortziralean arerio izanen dira Labriten, Nafarroako Masters txapelketan.

Uztailaren 3an, ortziralean 18:00etan hasiko da Iruñeko Labrit pilotalekuan Nafarroako Pilota Federazioak bosgarren aldiz antolatutako Nafarroako Masters jaialdia, oraingoan ere, hirugarren urtez segidan, Besarkada elkartearen alde, Maite den Norbaiten Suizidioak Jotakoen Elkartea, hain zuzen. Jaialdi honetan, hiru modalitatetan aritzen dira urteko rankingaren arabera, hamabi pilotari onenak, eskuz binaka, larruzko paletarekin eta pala motzarekin. Eskuz binakako partidan, Oberenako Oihan Canabal igantziarra eta Zugarraldeko Aitor Alduntzin, Lagunak taldeko Fermin Arribillagaren eta Oberenako Unax Apeztegia elizondoarraren kontra ariko dira.

Uztailaren 3an, ortziralean 18:00etan Labriten hasiko den jaialdian, eskuz binaka, larruzko paletarekin eta pala motzarekin ariko dira rankingeko hamabi pilotari onenak

Larruzko paletako partidan, Oberenako Pablo San Julian eta Amaiako Isaac Ziaurriz, San Juaneko Mario Berrogiren eta Larrainako Ignacio Perez Galbeteren kontra ariko dira eta pala motzeko partidan, Larrainako Iñigo Eslava eta mayako Ibai Santesteban, San Juango Julen Mendizabalen eta Iñigo Nicuesaren kontra. Jaialdirako sarrera 5 euro ordainduko da eta 18 urtez beheitikoek ez dute ordaindu beharko. Biltzen den guztia Besarkada elkartera bideratuko da eta hainbat zozketa ere eginen dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun