Pottoka zaldi arrazaren kontserbazioa helburu duen Pausoka proiektua abiatu dute

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Pottokaren inguruan aukera ekonomiko berriak sortzea eta mendiko ekosistemen kontserbazioan egiten duen ekarpena indartzea da proiektuaren helburua

Sakanako Garapen Agenztiak, Pottoka Lagun elkarteak eta Kalaska abeltzainen elkarteak Pausoka berrikuntza proiektua abiatu dute, Nafarroako mendialdean hain ohikoa dugun pottoka zaldi arrazaren inguruan. Ingurumenaren kontserbazioa, landa garapena eta ezagutza zientifikoa ardatz hartuta, ikerketa, balorazio eta ekoizpen eredu jasangarrien proposamenak eginen dituzte.

Pottoka aukeratu izanaren arrazoiak argi dituzte. Batetik, «egokitzeko gaitasun handia du, lurraldean eskuragarri dauden baliabide naturalekin bakarrik hazteko eta mantentzeko aukera ematen diona». Bertzetik, «berezitasun genetiko eta historiko nabarmena du: datu guztiek adierazten dute eskualdeko zaldi arraza zaharrenetakoa dela».

2026/27ra begira, azterketa tekniko ekonomikoa eginen dute; lau ekoizpen eredu alderatuko dituzte «haien kostuak, emaitzak eta errentagarritasuna ezagutzeko». Lehenbiziko eredua ekoizpen ekologiko esnezalekoa da, bigarrena Unanuko ibarreko larrean oinarritutako ekoizpen ekologikoa, hirugarrena ukuiluan gizentze ekologikoko sistema eta laugarrena ukuiluan gizentze konbentzionaleko sistemarekin. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak haragiaren karakterizazio azterketa eginen du eta Aranzadi Zientzia Elkarteak azterketa paleogenomikoa.

Proiektuak hiru helburu ditu. Alde batetik «lurraldea pottokaren bidez kontserbatzea, baliabide naturalen aprobetxamendu jasangarrian oinarritutako ekoizpen eredu ekologiko eta estentsiboak sustatuz eta ekosistemen kontserbazioan lagunduz». Bertze aldetik, «landa eremurako aukera ekonomiko berriak sortzea, enplegua sortzea eta gazteen sarbidea sektorera erraztea». Azkenik helburu historiko eta kulturala, «pottokaren ezagutza zientifikoan sakontzea eta haren balioa naturan, historian eta kulturan indartzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun