Emakume Master Cup zirkuituko finalerdiak irabazi zituzten igandean Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan, Arrizabalaregin eta Erasunekin batera
Gauzak horrela, ziurtatuta dago txapel bat eskualdera etorriko dela. Nabarmentzekoa da, baita ere, azken aldiko txapel eta final guztietan protagonista izan den Enara Gaminde finaletik kanpo gelditu izana, azpitik datozen pilotariak ere indarrean datozenaren seinale.
Doneztebeko lehen finalerdiak protagonista nagusi bat izan zuen, Olatz Arrizabalaga. Salsamendi-Mendizabal faborito ziren aunitzentzat, baina gernikarrak, gero eta sendoago ari den Bertiz on batek lagunduta, ez zien aukerarik eman iazko finalistei. 22-12 irabazi zuten.
Orekatuago eta lehiatuagoa izan zen bigarren finalerdia eta bertan egungo txapeldunek, ortziralean Zizurkilen Aldairi eta Bergarari 22-17 irabazita finalerdietarako azken txartela eskuratu zuten Goiuri Zabaletak eta Erasunek, iaz lortutako txapela defendatzeko aukera irabazi zuten, partida handia jokatuta (22-17). Sendo aritu ziren, bikote orekatua osatuz eta horrek eman zien garaipena. Bertze aldean, Enara Gamindek partida handia jokatu zuen, partida hasieran aitzinetik ere joan ziren, baina Etxegaraik ez zuen bere egunik onena izan, ez zuen Laukizkoari nahi bertze lagundu eta atzelari bizkaitarrak ezin izan zuen aurkarien sendotasunean arrakalarik topatu. Bikote gorria partidarik galdu gabe ailegatua zen finalerdietara, baina unerik txarrenean bildu zuen lehen porrota.
Gauzak horrela, final ikusgarria aurreikusten da uztailaren 11rako, aspaldiko boladarik onenean den Olatz Arrizabalaga eta Nahia Bertizen eta elkar bikain ulertzen duen Zabaleta-Erasun bikotearen artean.