Ortzegunen egindako aurkezpenean parte hartu zuten Maite Ruiz de Larramendi Mujikak, Ados Pilota elkarteko lehendakariak, eta José Antonio Lahozek, CaixaBankeko Ebro Lurralde Zuzendaritzako Erakundeetako zuzendariak.
Ruiz de Larramendik eskerrak eman zizkion CaixaBanki, hirugarren urtez jarraian emakumezkoen pilota babesteagatik, eta azpimarratu zuen garrantzitsua dela Ados Pilotaren gisako kirol proiektuei egonkortasuna, ikusgarritasuna eta jarraipena ematen laguntzen dieten erakundeak alboan izatea.
Ados Pilotako lehendakariak nabarmendu zuen, gainera, aurtengo edizioak esanahi berezia izanen duela berarentzat; izan ere, aurten ez da pilotari gisa ariko txapelketan. Erabaki horrekin, pilotari gazteei bidea ireki nahi diela adierazi zuen, protagonismoa hartu eta kantxan euren ibilbidea egiten jarrai dezaten.
Sei bikote eta ligaxka sistema
Txapelketaren hirugarren edizioak sei bikote izanen ditu lehian. Lehen fasea ligaxka bidez jokatuko da, denek denen kontra, eta sailkapeneko lehen bi bikoteek finala jokatuko dute.
Hauek izango dira parte hartuko duten bikoteak: Aldaregia eta Mendiburu, Gomez eta Ruiz de Larramendi, Barrokal eta Agirre, Aranburu eta Orbegozo, Oskoz eta Perez eta Iturriaga leitzarra eta Arrastia.
Uztarrozetik Labritera
Txapelketa uztailaren 16an hasiko da Uztarrozen, eta uda osoan Nafarroako eta bertze lurralde batzuetako hainbat frontoitara ailegatuko da. Finala urriaren 3an jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Tartean, eskualdean ere izanen du geltoki, abuztuaren 15ean Leitzan eta abuztuaren 16an Arantzan.