Eskualdeko enpresek 2,6 milioi euro baino gehiago zor dizkiote Nafarroako Ogasunari

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 27a

Nafarroako Ogasunak 2025eko zordun nagusien zerrenda argitaratu du eta, horren arabera, Nafarroako 688 pertsona eta enpresek 334,7 milioi euro zor dizkiote Nafarroako Ogasunari. Horietatik dozena bat gure eskualdekoak dira, batzuk likidazioan daude aspalditik, eta gainerakoak jardunean daude gaur egun.

120.000 eurotik gorako zorrak dituzten pertsonak eta enpresak dira zerrendan ageri direnak eta zor kopurua 2025eko abenduaren 31ri dagokio. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, zerrenda argitaratu aitzinetik, zordun guztiei jakinarazi zien zerrendan agertuko zirela eta zor osoa kitatzeko aukera zutela zerrenda horretan ez agertzeko.

Dena den, Nafarroako Ogasunak aurten argitaratu duen zerrendak iazkoak baino 24 zordun gehiago ditu, eta zorraren zenbateko osoa 12,3 milioi euro gehitu da 2024ko kopuruarekin alderatuz gero. Izan ere, 2024ko zerrendan agertzen ez ziren 47 zordun berri daude 2025eko zerrendan eta 23 baja izan dira hainbat arrazoirengatik, hala nola hartzekodunen konkurtsoa bukatzeagatik, zorra 120.000 euro baino gutiagora jausteagatik edo zorraren ordainketa epea luzatzeagatik.

Eskualdeko hainbat enpresa daude zerrendan, horietako batzuk itxita eta likidazioan daudenak.

Zordunen zerrendan ageri diren 688 pertsona edo enpresen artean, dozena bat eskualdekoak dira. Horien artean, aipagarrienak Lesakako Ayala Instalaciones Eléctricas SL (477.379,10 euroko zorra), Goizuetako Apezetxea Anaiak SL (472.882,62 eurokoa), Leitzako Construcciones y Obras Pagozelay SL (278.858,69 eurokoa), Goizueta-Lekunberriko Maderas Arraetxe SLk (264.547,93 eurokoa) eta Explotaciones Forestales Zumardi SL (251.480,99 eurokoa).

Gainerakoan, 120.000 eta 200.000 euroko zorra dutenen artean daude Elizondoko Construcciones Baztangoiza SL 178.927,14 euroko zorrarekin, Berako Bera Rubber's SLk 171.621,62 eurokoa eta Egoki Leitzakoa SCL enpresak 150.156,45 euro, Xaretako Urtxola Jatetxea SL 136.495,43 euro, Elizondoko Construcciones Arraiotz SL 134.940,42 euro, eta Doneztebeko Enbor SL 121.953,94 eurorekin.

Nafarroa osoko datuei begiratuz, sektoreka, eraikuntza sektorekoak (220 zordun) eta ostalaritzakoak (156) dira Nafarroako Foru Ogasunarekin zor handiena dutenak.

Ordaindu ez diren zergen artean, BEZa da lehena (107,8 milioi euro). Haren ondotik datoz isunak eta zigorrak (62,4 milioi) eta atzerapen espedienteak (49,1 milioi euro).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun